
Alexander Liebreich 2022/2023 denboraldian bihurtu zen Valentziako Orkestrako zuzendari titular eta artistikoa eta Valentziako Palau de la Músicako aholkulari artistikoa.
2018tik 2022ra zuzendari titularra eta zuzendari artistikoa izan zen Pragako Irratiko Orkestra Sinfonikoan, eta 2012tik 2019ra kargu horiexek bete zituen baita ere Poloniako Irrati Nazionaleko Orkestra Sinfonikoan (NOSPR). Municheko Ganbera Orkestrako zuzendari artistiko eta zuzendari nagusia izan zen 2006tik 2016ra.
2018an zuzendari artistikoaren kargua hartu zuen Garmisch-Partenkirchen hiriko Richard Strauss jaialdian, eta 2018ko ekainean berak ireki zuen lehen edizioa Akademie für Alte Musik Berlin eta Chor des Bayerischen Rundfunks taldeekin. Gaur egun, Richard-Strauss-Society elkarteko zuzendaria da.
Alexander Liebreich Alemaniako zuzendari garrantzitsuenetako bat da. Bere ibilbide luze eta oparoak mundu osoko aretoetara eraman du, eta orkestra ospetsu asko zuzendu ditu zuzendari gonbidatu gisa, hala nola Concertgebouw aretoko orkestra, BBCko Orkestra Sinfonikoa, Berlineko Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Bavariako Irratiko Orkestra Sinfonikoa, São Paulo Estatuko Orkestra Sinfonikoa, Dresdeneko Orkestra Filarmonikoa, San Petersburgoko Orkestra Sinfonikoa, NHK Orkestra Sinfonikoa eta Zuricheko Tonhalle aretoko Orkestra.