Natura

Soinu-paisaia

Naturak, bere handitasunak sortzen duen aniztasun infinitua dela eta, isla iradokitzailea aurkitu du musikaren koloreetan. Andres Isasi konpositore bilbotarrak pasioz zioen natura musika-iturri oparoa dela, baita lo dagoenean ere. Eta ondorioz, musika-hizkuntzak, bere baliabide instrumental ugariekin, dentsitate eta testuren aniztasunarekin eta erabiltzen dutenen sormen mugagabearekin, partitura askotan jaso du ingurumenari eginiko deia, paisaia ikusgarriak, fenomeno atmosferiko boteretsuak eta naturaren bihurgune ñimiñoak adieraziz.

Denboran zehar, Natura jainkosaren indarra sinfonia, kontzertu eta obertura sinfoniko ugaritan entzun dugu, talde instrumental handien eskutik. Baina entzuleen eta interpreteen arteko hurbiltasuna errazten duten bakarkako errezitaldiak eta ganbera-musika ere xuxurlatutako sonoritate batean gozatzeko gonbidapena izan dira mendeetan zehar, txoko txikietatik sortzen den intimitatea eta poesia itzultzeko gai diren doinuak.

Aurten, Musika-Música jaialdiaren proposamena naturaren magalean murgiltzea da. Haren adierazpen ugarietan eta hainbat garaitan eragin dituen oihartzun musikaletan. Eta horrela, hiru egunetan zehar, natura-inguruneen aberastasun neurtezinean barneratu ahal izango gara, eta belarriekin eta irudimenarekin bidaiatu, pentagraman irudikatutako paraje anitzetan barrena: fauna basatia, flora usaintsua, mendi asaldaezinak eta haran irisgarriak, eguzkiaren eta izarren argia, gauaren eta zuhaitzen itzala, suaren txinpartak, ibai eta aintzira misteriotsuak, ozeano zabalak, txorien kantuak eta haizearen edo iturritik erortzen den uraren zurrumurrua. Naturaren halako erakustaldiek soinu-banda paregabea jartzen diote Sorkuntzaren handitasunari. Gure bizipenak markoztatzen dituzten eta gu geu ere haien zati gaituzten hainbat eta hainbat paisaia. Azken finean, Musika eta Natura dira bizi ditugun soinuen esentziarik ederrena.

 


Natura eta musika denboran barrena

Aspaldiko garaietatik, musikak, beste arte-adierazpen batzuek bezala, natura imitatzea izan du asmoetako bat. Baina poesiak, pinturak edo arkitekturak ez bezala, musikak fenomeno naturalak erreproduzitzeko duen modua inperfektuagoa da, eta, agian horregatik, iradokitzaileagoa. Hain iradokitzailea da, non ia beti transzenditu baitu irudikatu nahi zuena.

Historian zehar, soinu-paisaia aldatzen joan da. Musika-giroak bezalaxe. Eta naturaren sorginkeriak garai eta latitude guztietako sortzaile ugari liluratu ditu, eta bide eman die sorginkeria horrek elikatutako ezin konta ahala partiturari.

Errenazimentuak, antzinate klasikoaren distiran inspiraturiko eredu nostalgikoez baliatuta, dotoretasunez eta sentsualitatez egin zuen, beharrezko muga instrumentala bertute bikain bilakatzea lortuta. Eta horrela prestatu zuen Barrokoa, espresioa areagotu besterik egin ez zuena, artean murritzak ziren baliabide instrumental eta akustikoek ezartzen zituzten mugak muturreraino eramateko gai zen gizakiaz gaindiko indarra emanez Natura jainkosari. Musikak antzerki-efektu bat lortu nahi izaten zuen orduan, entzuten zuenaren «ariman eragin» zezan eta emozionalki inplika zedin soinu-gertaeran. Hala ulertu zuten Europa osoko musikagileek: italiar emankorrek, esaterako Monteverdi, Vivaldi edo Scarlattik; ingeles gozoek, hala nola Purcell, Blow edo Lockelek, Telemannek eta beste alemaniar batzuek, eta Rameauk eta beste frantziar batzuek.

Espresionismo barrokoaren intentsitateak bide eman zion Klasizismoaren naturaltasun orekatuari, zeinak batez ere lorategi lurrintsuen xarma, iturrien zurrumurrua, eta natura atsegin eta idealizatu batekiko kontaktua adierazten zituzten paisaien grazia eta sotiltasuna bilatzen baitzituen. Gustu artistikoek sotiltasun, arintasun eta sentikortasunik handienaren alde egin zuten, eta musikaren helburua atsegingarri izatea zen, belarriei landako bizimoduaren soslai leundua eskainiz, oreka eta gustu ona tarteko. Mozart, Haydn, Gluck edo Boccherinik Natura omentzeko partiturak idatzi zituzten, musika argitsu hori atseginez entzun dutenen —dugunon—gozamenerako.

XIX. mendearen hasieran, eta poesia erromantikoaren urratsei jarraituz, Naturak artistaren ariman sortzen zituen sentimenduetan bilatu zuen inspirazioa musikak. Pertzepzio hori, orduan askeagoa, instrumentuen garapen teknologikoari eta entzuteko agertokien hedapenari gehitu zitzaien, musikaren hizkuntza aberastuz. Konposizio-baliabideen barietate gero eta handiagoei esker, Beethoven, Schubert eta Weberrek Vienako basoetan barrena eginiko ibilaldiek, Schumannen leku ezkutuetarako begirada poetikoak, Txaikovskik loreekiko zuen maitasunak, Saint-Saëns, Liszt eta Berliozen klima beroekiko gustuak edo Mahlerrek eta Straussek hiriko bizitzaren iskanbilatik urruntzeko bisitatzen zituzten aintzira eta mendiek kolorez, efektuz eta xehetasunez bete zituzten hainbat eta hainbat partitura.

Eta unerik gorenean, epizentro kanonikotik gero eta urrunago zeuden lurraldeetan bilatu zuen inspirazioa Erromantizismoak, eta, horren ondorioz, Europako hainbat eskualdetako zeruak, mendiak, haranak eta ibaiak pentagrametan adierazi zituen azterketa etnografiko moduko bat ziren konposizioak. Soinu-postal horien bidez, herri guztiek beren idiosinkrasia kulturala eta, kasu askotan, euren asmo nazionalistak erakutsi zizkioten munduari. Horrela, entzunaretoak Griegen irudimena suspertzen zuten Norvegiako pinuen usainaz bete ziren, Elgar eta Mendelssohnen partiturak zipriztintzen zituzten britainiar kostaldeetako hezetasun gaziaz, Dvořákek erakutsi dizkigun Bohemiako baso eta haranen zurrumurruaz, edo Falla, Albeniz, Turina eta Rodrigoren lanetan aurkituko ditugun misterioz eta pasioz beteriko txoko exotikoen xarmaz.

Geroago, inpresionismoak paisaiaren inguruak lausotu zituen, fantasia goraipatzeko. Eta itsasoa, basoak eta haietan bizi diren alegiazko izakiek, zokogune bakoitzean abesten duten txorien barietate ugariak, ilargiaren argi lausoak, euriak edo etengabe eraldatzen diren hodeiek uzten dituzten irudiek bete zituzten Debussy, Ravel, Poulenc edo Messiaenen pentsamendu musikalak. Eta belarri irrikatsuek Mendebaldeko kanonaren mugak ireki zituzten, soinu-espazioa zabaltzeko, «beste natura» batzuen handitasunari eta aberastasunari lekua egiteko, paisaia-ilustrazioak, melodia, erritmo eta kolore harmoniko berriekin batera, are urrunagoko lekuetatik iristen has zitezen. Orduan, naturaren musika Ekialdeko usain gozoen ñabardurekin eta Amerikako bizitasun gaztearekin profilatuz joan zen, gugana ekarrita Villa-Lobos, Piazzolla, Barrios edo Babajanian artisten sormena.

MUSIKA MÚSICA • T: +34 94 679 04 88