“Musika nota bakar batean posible da sentimendu intentsitate gehiago kontzentratzea idatzitako orri andana batean baino”. Charles Darwinek –ezaguna bere zorroztasun zientifikoagatik eta behaketa nekaezinengatik– 1871an esandako esaldi horrekin bat etorriko ziren agian orduko hainbat konpositore, literaturan bilatua zutenak euren lanak egiteko oinarria. Eta susmo bera partekatuko zuten seguruenik literatur egile askok, melomania aitortu batekin akuilatu zituztenak konpositoreak euren testuak hartzeko euren konposizioen oinarri. Ispilu-jolas bat sortu zen horrela, joan-etorriko bide bat, gai zena partituraz osatutako konstelazioak sortzeko. Baina hartzaileak ere behar ziren produkzio eskerga harentzat, eta entzuleak musika bihurtutako literaturaren lilurapean erori ziren, bi arte horien arteko batasun dohatsua indartuz.
“Notak & Letrak” izenburupean, Musika-Música Jaialdiaren hogeita bigarren edizio honek bi kode uztartzen ditu elkarrekin aurten, bi kode giza- komunikazioan nabarmendu direnak euren unibertsaltasun eta irismenagatik: letrak eta notak, zernahi esanahi –kontzeptu, sinesmen, sentimendu, ideia estetiko…– eta abarren irudikapen grafiko direnak eta soinu bilakatzen direnak fonemetan eta soinu musikaletan. Entzungo dugun egitarauaren bidez musikan sublimatutako corpus literario iradokitzaile eta oparo bat esploratuko dugu: musika egiteko baliatu izan diren genero literarioak.
Darwinen planteamenduari jarraituz, beraz, prest egon behar dugu hiru egunetan barrena emozio olatu bizi-biziak sentitzeko dozenaka konposizio musikalen bidez, denak ere inspiratuak garai guztietako literaturgile handien eleberri, komedia, tragedia, kontakizun, saiakera filosofiko, ipuin eta poemetan. Ovidiorengandik Maeterlinckengana; Goetherengandik Ibsenengana; Byronengandik Tolstoirengana eta Cervantesengandik Shakespearengana. Azken horrek badirudi aurrea hartu ziola bere herrikide naturalistaren apreziarioari, Twelfth Night komedian hitz hauek jarri baitzituen Orsino Dukearen ahoan: “Musika bada maitasunaren janaria, jo ezazue. Emaidazue hartatik gaindizka, behin irrika aserik nadin gaixotu eta hil”.
Beharbada ez hain erromantikoa, baina bai hargatik adierazgarria, horra XX. mendeko panorama musikaleko figura garrantzitsuenetako baten pentsamendua. Nadia Boulanger-ek esaten zuenez: “hitzek dibergentziak eragiten dituzte pertsonen artean, euren esanahiak iritzi bat sortzen duelako ideia baten inguruan. Musikak bakarrik atxikitzen du ideiaren substantzia goren eta puruena, bere pribilegioa delako dena adieraztea kanpoan deus utzi gabe”.
Egiazki, hitzen eta musikaren mintzairek antzinatik izan dute erakarmen bat elkarrengana, eta musikak lotura hautsiezina izana zuen lehen ere Sofoklesen tragediekin edo Pindaroren odekin. Barrokoan berebiziko garrantzia eman baitzitzaion arte-lanetan afektuak adierazteari, lotura hura sendotu eta loratu egin zen. Baina benetako eztanda XIX. mendean etorri zen, itzulpenen gorakadarekin eta edizio merkeen zabalkundearekin era guztietako literatur testu mordo bat iritsi zenean mundu guztiaren eskuetara. Eta, urrunago joanda, espiritu erromantikoak ezabatu egin nahi izan zituen musikaren eta literaturaren arteko mugak, bien arteko konexioa fusio bilaka zedin.
Argigarria da ikustea historian zehar nola aldatu den musika egiteko literatura baliatu dutenen helburua: girotu, iradoki, indartu, irudikatu, itzuli, sublimatu, transzenditu… Hori unean uneko estetikak erabakitzen zuen, begien aurrean zuten testuak eta, jakina, egilearen nortasun eta talentuak. Helburu horiek lortzeko beharrezkoa zen konposatzeko teknikak aitzinaraztea, dela sinbiosia baliatuz operak eta kantu-zikloak idazteko, dela alkimia prozesuak aplikatuz poema sinfonikoak eta sinfonia programatikoak sortzeko. Batzuetan testuak ezkutuan egoten ziren pentagrametako marren artean, zaila zelarik igartzea zein literatur lanetan zeuden inspiratuta, nahiz eta lan horiek hor egon, partiturari josita. Ohikoa da hori ganbera-musika instrumentalean.
Jaialdiak iraungo duen egunetan gure artean izango ditugu Schiller, Virgilio, Dryden, Mann, Nietzsche, Daudet, Heine, Mérimée… Goi-literaturako izenak dira, maisulanen egileak, euren kontakizunak ehotzeko mitologia eta historia, filosofia eta asmamena baliatu izan dutenak elkarrekin uztartuz gertakari historikoak eta espejismoak eta kimerak, denon gogora ekarri beharrez ametsak, pasioak eta gatazkak, eta baita ere musika, nola egiten baitu Cervantesek On Kixoteren ahotan ipini zuen esaldi honekin: “Jakiteko duk, Santxo, iragan denborako zaldun ibiltari guztiak, edo gutiz gehienak, trobalari apartak eta musikari hautak zirela”. Eta baita ere Santxoren ahotan, are borobilkiago esaten duenean: “Musika dagoen tokian deus txarrik ezin da egon […] Musika beti da alaitasunaren eta jaiaren iragarle.” Gauza bera egiten du Shakespearek Romeoren bitartez: “Hau da zilarrezko kanpai-hotsa gauerdian, zer musika liluragarria sentitzen den maitaleen ahotsa entzutean!”
Horien guztien prosak eta poesiak konposizioaren musak erakarri zituzten, eta hala lortu zuten musikak hartzea hitzen tokia. Hauxe zioen Txaikovskyk bere ohiko tonu zalantzatian: “Ez al da egia sinfonia batek adierazi behar dituela hitzez esan ezin diren gauzak eta bihotzean aterpea bilatzen dutenak, gugandik ateratzeko hotsez?”
Beste batzuek, Poulencek bezala, uste zuten musikaren indarra urrunago heltzen zela hitzena baino, eta horregatik esaten zuen: “musika bihurtu behar da ez bakarrik hitzen esanahi literala, baizik eta baita ere lerro artean idatzita dagoen guztia”.
Maitasun edo abenturazko eleberriak, tragediak eta komediak, saiakera filosofikoak eta fantasia mitologikoak… horiei guztiei esker ezagutu genituen Abdelazer, Dulcinea, Manfred, Rosamunda, Fausto, Peer Gynt, Peleas eta Melisande, Carmen, Polifemo, Zaratustra, Guillermo Tell eta Maitagarrien erregina… Katalogo zoragarri bat, benetako eta fikziozko pertsonaiez betea, denak ere testu idatzietatik jauzi egin eta partitura sinfoniko edo koralen erdigune bihurtu zirenak obra epiko, argitsu, serio eta koloretsuetan, eta entzuleak txundituta utzi zituztenak euren bokantza miresgarriarekin.
Baina musikaren eta literaturaren arteko batasunetik pieza intimoagoak ere jaio ziren, aproposak jai pribatuetan entzuteko. Halakoak ziren schubertiadak, non poemak irakurri eta musika kantatu eta entzuten baitzen; edo Madame de Staël-en aretoak, Frantziako Iraultza gertatu baino lehen; edo Pauline Viardot-enak, Parisen egiten zirenak ostegunetan eta Baden-Badenen igandeetan eta nora joaten baitziren Saint-Saëns edo Turguénev; edo “Mallarmé astearteak”, hain gustukoak zirenak Debussyrentzat; edo Polignac printzesaren aretoa, non estreinatu baitzen, printzesak berak enkargatuta, El retablo de Maese Pedro, Fallaren eta Cervantesen talentuak josi zituen lana.
Hain urrunekoak ez diren estanpa horiek ganbera-musikaren unibertsokoak dira, espazio batekoak non entzuleak eta interpreteak elkarrengandik hurbil dauden eta entzuleak bere baitan bilduta entzuten duen musika; toki batzuk, lorategi bilakatzen direnak eta non lantzen diren belarrira xuxurlatutako poemetan edo sutondoko kontakizunetan loratzen den “musika isila”, San Juan de la Cruzekin batera murgiltzen gaituena “soinuzko bakardadea” delakoaren gozamenean.
García Lorcak, poesiarekin musika egiten zekienak, honelaxe azaltzen zuen genero itxuraz txiki honen inpaktua: “Inork ezin dezake hitzez esan hain pasio lazgarri bat nola Beethovenek adierazten duena bere Sonata Appasionatan. Inoiz ez ditugu ikusiko Chopinek bere Nokturnoetan kontatu zizkigun emakumeen arimak”.
Hiru egunez, zernahi istorio irakurriko ditugu gure belarriekin maitale dohakabeez, artzain-jolasez, borroka eta liskarrez, irrika eta nahigabeez, utopia lorgarri eta balentria gertagaitzez, haur amets eta desio asegabeez. Hori guztia ikusiko dugu islatuta partituretan, elkarrekin mintzo diren nota eta letrez moldatutako partituretan, euretan txirikordatzen diren kodeetan, hizkera literario eta musikalaren arteko gardentasun jolas eternalean elkarri gainjartzen zaizkion plano linguistikoetan, sormen, ezagutza eta ofizio trukeetan.
Bilbo soinu eta literaturazko lorategi bat izango da, adi jarritako milaka belarritara iristeko zain dauden nota eta letren ozeano bat. Horregatik zaigu hain atsegina erantzutea Blas de Otero bilbotarrak Música tuya poeman eginiko galderari:
Egia al da maite duzula hondoratzea
musikaren itsasoan; zeure burua
joatera uztea haren hegaletan, amiltzea
argi hain sakon eta ezkutu horretan?
Maite dugu, bai. Goza ezazue.
Mercedes Albaina