Beñat Egiarte

Tenorra

Zornotzan (Bizkaian) jaio zen eta, Medikuntza eta Kirurgiako Lizentzia egin ondoren, Bartzelonan finkatu zenean hasi zen kantuan. Hainbat irakaslerekin egin ditu kantu-eskolak eta eskola magistralak; hauek nabarmentzen dira: Erromako Accademia Santa Cecilian Renata Scottorekin egindako bi opera studioak; José Ramón Artetarekin, Eduard Giménezekin eta Natasha Tupinekin egindako prestakuntza, eta Jaume Aragallekin, Raul Giménezekin, Montserrat Caballérekin, Carlos Álvarezekin eta María Gallegorekin hartutako hobekuntza-eskolak.

2013an, Montserrat Caballé Nazioarteko Kantu Lehiaketako tenore finalista bakarra izan zen, eta, aldi berean, espainiar bakarra. 2010ean, bere kategoriako irabazlea izan zen Mirna Lacambra lehiaketan, eta, 2011n, Concurs Internacional Mirabent i Magrans lehiaketan, Ohorezko Aipamena eman zion epaimahaiak.

Daniel Gil de Tejadak zuzendutako Orquestra Simfònica del Vallésekin egin zuen debut profesionala; hain zuzen, Ferrando izan zen Così Fan Tutte operan. Orduz geroztik, rol belcantista ugari bete ditu; adibidez, Tonio (Fille Du Regiment), Fernando (La Favorita), Nemorino (L’Elisir d’amore) eta Beppe (Rita). Gainera, AAOSen (Associació d’Amics de l’Òpera de Sabadellen) Les Contes d’Hoffmann ekoizpenean Frantz pertsonaia eta beste hiru zerbitzariak interpretatzean egindako lana goraipatu dute kritikariek. Bestalde, beste ekoizpen batzuetan ere hartu du parte hainbat antzokitan: Rigoletto, Cendrillon, Die Zauberflöte, Le Devin de Village, Il Barbiere Siviglia eta Otello (Rossini).

Besteak beste, areto hauetan abestu du: Gran Teatre del Liceun, Palau de la Música Catalanan, Maestranza antzokian, Madrilgo Auditorio Nazionalean, Theatro Saõ Pedron (Saõ Paulo), Arriaga antzokian eta Faràndula de Sabadellen, Sir Andrew Davis, Pedro Halffter, Christopher Franklin, Óliver Díaz, Ruben Gimeno, Josep Vila i Casanyes eta lehen aipatutako Daniel Gil de Tejada zuzendarien aginduetara.

Batik bat opera-errepertorio belcantistan aritzen bada ere, musika garaikidean ere egin ditu sartu-irtenak; esate baterako, John Adamsen Dr. Atomic operaren Espainiako estreinaldian, tenore nagusia izan zen, Robert Wilson pertsonaiaren paperean. Halaber, oratorioaren eremuan ere kantatu izan du: Mozarten Requiem, UNESCO Barcelona orkestrarekin; Petite Messe Solennelle (Palau de la Música); Messiah (Ziortzako jaialdia eta UNESCO Barcelona) eta Carmina Burana kantata ospetsua. Hain zuzen, kantata hori hainbat ekoizpenetan abestu ditu Palau De La Música Catalana aretoan, eta Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalekin Maestranza antzokiaren 25. urteurrenean.