Musika·Música Bilbao (2002-2026)
Musika-Músicak hogeita bost urte bete ditu. Mende laurden honetan musika klasikoa milaka entzulerentzat erakargarri izatea lortu dugu, giza pentsamenduaren emaitza liluragarri eta misteriotsuenarekiko erakarpena sentitzen dutenentzat.
Denbora honetan zehar mota guztietako partitura sinfonikoak, askotariko taldeen ganbera-piezak eta formatu txiki eta handiko ahots-lanak entzun ditugu. Jaialditik bertako eta nazioarteko bakarlariak eta taldeak igaro dira, eta konposizioko lan ospetsuen eta hain ospetsuak ez direnen katalogo zabal baten bertsioak eskaini dizkigute, bitxikeria harrigarriren bat aurkituz.
Eta aniztasun hori bera lortu dugu herritar ikusleengan, Musika-Música hitzordu atseginaren zain egoten direlarik. Pertsona batzuk bakarrik joaten dira, beste batzuk lagunekin, eta baita familia osoak ere, musikara ilusioz, interesez, jakin-minez edo harriduraz hurbiltzen direnak. Bere asmoak askotarikoak dira: ikaskuntza berriak aztertu, emozioak bilatu edo soinuari darion edertasunean bizipoza bilatu. Gehienek adin eta baldintza orotako instrumentisten benetako bizipena sentitu nahi dute egun batzuetan, musika klasikoa debozioaren eta naturaltasunaren nahasketa berezi batekin biziz, gehiegizko formalismoetatik urrun.
Musika zuzenean entzutea bizipen berezi eta errepikaezina da. Hori da Jaialdi gazte eta aldi berean heldu baten izateko arrazoia, denboran zehar sendotu dena eta bere jarraitzaile sutsuek indartu dutena. Horri esker, musika onaren bidez eguneroko bizitza zaratatsutik ihes egiteko antidotoa bilatzen dutenek jaialdia topaleku zoriontsu bihurtzea lortu dute.
Musika-Músicaren edizio hau hogeita bost urteko programazio zabalaren oihartzunak jaso eta berriro emititzen dituen bozgorailua da, bertakoen eta hiri musikazale hau bisitatzen dutenen gozamenerako. Eta unibertso emankor bezain erakargarri batean murgiltzeko gonbidapena ere bada.
Onartu eta gozatu.