István Várdai

Biolontxelo eta zuzendaritza

“Haren interpretazioa goresgarria izan zen, jariakortasun eta birtuosismo handikoa, bere fintasunagatik eta tinbre sakonagatik.”

New York Times

István Várdai bere energia sutsuagatik, kemen erritmikoagatik eta grazia dotoreagatik da ezaguna, biolontxelorako bakarkako errepertorioko nahiz ganbera- eta orkestra-musikako interpretazio hunkigarrietan. Dagoeneko laugarren denboraldia du Franz Liszt Chamber Orchestraren zuzendari artistiko gisa, eta programa inspiratzaile eta sortzaileak aurkezten jarraitzen du. Gainera, Istvánek mundu osoan ezagunak diren musikariak hartzen ditu Hungariako Kaposfest Chamber Music Festival jaialdian, eta bakarlari gisa ere jarraitzen du: izen handiko orkestrekin batera, artista ospetsuen —Bach, Péter Eötvös eta abar— errepertorioa interpretatzen du.

István Várdaik eta Franz Liszt Chamber Orchestrak Budapesten hartuko dituzte Lucienne Renaudin Vary, Roman Simovic eta Zoltán Fejérvári, FLCOk Liszt Akademiaren Areto Handian emango dituen kontzertuen artean. Nazioarteko birei dagokienez, Alemaniara joango da eta Kronberg Academy eta Mecklenburg-Vorpommerngo jaialdian arituko da; Cremonara ere joango da, Stradivari Jaialdira, eta Vienako Musikvereinera ere bai, non Istvan Várdaik biolontxelotik zuzenduko duen Dvoracken biolontxelorako kontzertua.

István Várdai ganbera-musikaren zale amorratua da, eta, besteak beste, artista hauekin partekatu du agertokia, munduko taularik ospetsuenetako batzuetan: Víkingur Ólafsson, András Schiff, Yuri Bashmet, Gidon Kremer, Jean-Efflam Bavouzet, Mischa Maisky, Elisabeth Leonskaja eta Liza Ferschtman.

István Várdairen azken albumaren programak, Szinegiak, Bartók, Hartmann, Kodály eta Weiner konpositoreen erritmo eta tradizio folklorikoak ospatzen ditu. Proiektu horretarako, Pablo Barragan klarinete-jotzailearekin eta Franz Liszt Chamber Orchestrarekin egin du lan. Accentus zigiluak kaleratu du albuma. Urteetan zehar, Várdaik Janáčeken, Prokófieven eta Elgarren biolontxelorako kontzertuak grabatu ditu Ysaÿe Recordsekin, eta Bachen biolontxelorako suiteen interpretazioak, Brilliant Classicsek argitaratuak, kritikaren laudorioak jaso ditu. Gainera, VÁRDAI – non SOLO CELLO dokumentalaren protagonista da; Eszter Szárazek zuzendu eta TRIONFilmek ekoitzi du.

ARD Nazioarteko Musika Lehiaketan (2014) eta Genevako Nazioarteko Lehiaketan (2008) lehen sariak lortu ondoren, 2019an Chaikovski Nazioarteko Lehiaketako epaimahaikide izan zen. Gaur egun, István Várdai irakasle da Vienako Musika eta Arte Eszenikoen Unibertsitatean, Heinrich Schiff zenaren lekua hartu ondoren —berak ere hantxe ikasi zuen 2005ean—. István Várdaik 1673ko «Ex du Pré-Harrell» Stradivarius bat jotzen du, lehenago Jacqueline du Prérena zena.