I Gemelli

2019an, l’ensemble I GEMELLI indartsu sartu zen nazioarteko eszena barrokoan, Cozzolaniren Vespro albumari eskainitako lehen diskoarekin (Choc Classica, Toccata’s CD of the month, Diapason d’or 2019) eta, ondoren, Théâtre des Champs-Élysées antzokian, Monteverdiren L’Orfeorekin, taldearen lehen arrakasta eszeniko handiarekin.

Emiliano Gonzalez Torok eta Mathilde Etienne-k sortu zuten, eta XVII. mendeko ahots-musikan espezializatua dago I Gemelli taldea. Garai horretako obra nagusiak nahiz hain ezagunak ez diren partiturak (are argitaragabeak ere) ezagutaraztea du xede. Taldeak badu bereizgarri bat: agertokian ez da zuzendaririk ageri. Horren atzean, prestakuntza-lan handia eta dinamika kolektiboan oinarritutako ikerketa daude.

2022an, Gemelli Factory diskoetxea sortu zuten, taldearen eta haren artisten asmo handiko proiektuak gauzatu ahal izateko, eta beharrezko baliabideez hornitu zuten, ekoizpen diskografikoa hasieratik amaierara kontrolatzearren. Gemelli Factoryk proiektu bereziak gauzatzen ditu, bai musika barrokoaren eta bai latin jazzaren arloetan.

Ekoitzi zuten lehen albuma A Room of Mirrors izan zen, eta berehala bereganatu zituen publikoa eta kritika. Ondoren etorri ziren Violeta y el Jazz, Laura, Love Songs, Ferrarese eta Il Ritorno d’Ulisse in patria. 2024-2025 denboraldian, I Gemelli taldeak Cacciniren Alcina bira egin zuen Ambronayn, Lausanan, Toulousen eta Versaillesen, CVS diskoetxerako grabatu aurretik. 2025ean, Monteverdiren Vespro agertu zen, kritikak aho batez txalotua (Diapason d’or, Diamant Opéra Magazine, Coup de cere de Le Figaro), eta jarraian Europako bira (Amsterdamgo Concertgebouw, Bartzelonako Palau de la Música, Aix-en-Provenceko Pazko Jaialdia eta Sevillako Maestranza).

Urte berean, Ariel Ramirezen Misa Criolla argitaratu zen, Thomas Enhcorekin eta Keystone Big Bandekin batera, Bataclanen kontzertu arrakastatsua eman ondoren.

I Gemelli taldearen eta Gemelli Factory diskoetxearen disko guztiak saria jaso dute prentsaren aldetik. Hauek dira saririk ospetsuenak: 5 Diapason d’or, urteko 3 Diapason d’or, Classicaren 3 CHOC, Téléramaren 2 ffff, d’Opéra Magazineren 5 Diamants, Editor’s Choiceren 2 Gramophone, Urrezko Melomanoa, Grammy sarietarako izendapena eta abar.