Asier Polo

Biolontxeloa

«Elgarren Txelorako Kontzertuko zailtasun itzelen aurrean, haren teknika bikainak erraztasun-sentsazio faltsu hori transmititu zuen, handienek bakarrik lor dezaketena. Baina haren interpretazioaren onena zera izan zen, partiturako sentimendu eta sentsazio guztiak transmititzeko modua, eta neurritasuna, pasioa dotoretasunaz gabetu eta garrasi eta desesperazio bihurtzen deneko muga-mugan.

Izugarrizko bertsioa izan zen, Sanderlingek eta Sinfonikoak ezin hobeto lagundua, eta publikoaren txalo-zaparrada jaso zuen»

(Juan Carrillo, El País).

Kritika espezializatuaren ustez, bere belaunaldiko biolontxelo-jotzaile garrantzitsuenetakoa da. Bakarlari gisa, nazioarteko orkestrarik garrantzitsuenetako batzuekin aritu da; hona hemen: Philharmonia Orchestra, London Symphony, Danish National Symphony, Sinfonica della RAI, Dresdner Philharmonie, Orchestre de Paris, BBC Philharmonic, Bergen Filharmoniske, Israel Philharmonic, Berliner Symphoniker, Mexikoko Nazionala, Sao Pauloko Sinfonikoa, Louisiana Philharmonic, Malaysian Philharmonic, Espainiako Nazionala eta Basel Symphony Orchestra. Hauek izan ditu, besteak beste, zuzendari: John Axelrod, Pinchas Steinberg, Christian Badea, Rafael Frühbeck de Burgos, Carlos Miguel Prieto, Günther Herbig, Juanjo Mena, Antoni Wit eta Anne Manson.

Gainera, agertokian ondoan izan ditu, adibidez, Silvia Marcovici, Nicolás Chumachenco, Sol Gabetta, Maxim Rysanov, Isabelle van Keulen, Josep Colom, Eldar Nebolsin, Gérard Caussé, Janácek laukotea, Casals laukotea eta Alfredo Kraus tenore handia.

Haren ibilbidea 22 lan diskografikotan geratu da erregistratuta —Espainian biolontxelorako sortu diren lanik garrantzitsuenak jasotzen dituzte (José María Usandizaga, Joaquín Rodrigo, Francisco Escudero, Tomás Marco, Carmelo Bernaola, Jesús Rueda eta abar)—, Naxos, Claves, RTVE, Verso, Marco Polo eta IBS Classical zigiluekin. IBS Classical zigilurako egindako grabazioen artean, Rachmaninov, César Franck eta J. Brahmsen biolontxelo eta pianorako sonatak daude, baita Vivaldi, Boccherini eta Haydnen biolontxelorako kontzertuak eta J. S. Bachen biolontxelorako sei suiteak ere.

Asier Polok Bilbon, Madrilen, Kölnen eta Baselen ikasi zuen, E. Pascu, M. Kliegel eta I. Monighetti maisuekin. Gainera, J. Starker, N. Gutman eta M. Rostropovichen aholku jakintsuak jaso zituen hainbat eskola magistraletan.

Radio Nacional de Españaren «Ojo Crítico» saria (2002), CEOE Fundazioak musika-interpretazioari emandako saria (2004), «Bilboko ospetsuaren» aitorpena (2009) eta Kultura Ministerioaren Musikako Sari Nazionala (2019) jaso ditu.

Biolontxeloko irakaslea da Conservatorio della Svizzera italiana kontserbatorioan, Luganon (Suitzan).
Francesco Rugieri (Cremona, 1689) biolontxelo bat jotzen du Asier Polok, Banco Santander Fundazioak utzitakoa.