Cameron Shahbazi etorkizun oparoko kontratenorra da; goraipatua, ahots «bete eta ozena» eta tinbre «pertsonal eta ederra» (De Trouw) dituelako, eta famatua, musika barroko zein garaikideko bere interpretazio txalotuengatik. 2023an, Opus Klassik sari ospetsua jaso zuen «Urteko kontzertu berritzailearen» kategorian, Frankfurteko Operarako eginiko Woman.Life.Freedom. izeneko sorkuntzagatik.
2025-2026 denboraldiak debut ugari eta zirraragarriak ekarriko dizkio Cameron Shahbaziri. Kontratenorrak Valentziako Palau de les Arts Reina Sofia antzokian debutatuko du Tolomeo gisa, Händelen Giulio Cesare operan, eta, ondoren, Deutsche Oper Berlinekin, rol bera jokatuz. George Benjaminen Picture a day like this opera berriaren arrakasta handiaren ondoren, Shahbazi Napoliko Teatro di San Carlo eta Oper Köln antzokietan jardungo da. Les Accents-ekin batera, Vivaldiren Tamerlano operan protagonista izango da, Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean eta Budapesteko Müpan.
Hauek dira, besteak beste, Cameron Shahbazik azken denboraldietan izan dituen unerik gogoangarrienak: Bartzelonako Gran Teatre del Liceu antzokian, Tolomeoren rolean, Giulio Cesare operan; Vancouverreko opera-antzokian, Errefuxiatu gisa, Jonathan Doveren Flight operan, eta Londresko Royal Opera Housean, Hamor gisa, Händelen Jephta lanean. Tolomeo interpretatu zuen Giulio Cesare operaren produkzio berrietan, Glyndebourneko jaialdian (David McVicar) eta Holandako Opera Nazionalean (Calixto Bieto), Amsterdamen, Emmanuelle Haïm-en zuzendaritzapean. Cameron Shahbazik Municheko Bayerische Staatsoperrekin debutatu zuen, Anfinomo gisa, Il ritorno/The Year of Magical Thinking lanean. Aix-en-Provence jaialdian, George Benjaminen Picture a Day Like This operaren mundu-mailako estreinaldian hartu zuen parte. Parisko Opéra Comique, Opéra national du Rhin eta Luxenbourgeko Grand Théâtre antzokietan ere aurkeztu zen opera hori. Tolomeo (Tolomeo, Re di Egitto) ere interpretatu zuen, Amsterdamgo Concertgebouw eta Bartzelonako Palau de la Música Catalana antzokietan.
Leipzigeko Bach jaialdirako gonbidapenaren ondoren, kontratenorrak omenaldia egin zion konpositore jenioari, Lang Lang-ekin, Daniel Hope-rekin eta Leipzigeko Gewandhausorchester orkestrarekin batera egindako aire zabaleko gala batean.