Céline Scheen soprano belgikarrak Londresko Guildhall School of Music and Drama eskolan osatu zuen bere prestakuntza Vera Roszarekin, Nancy Philippart fundazioaren laguntzari esker. Zuzendari garrantzitsu guztiekin aritu da operan, ganbera-musikan edo oratorioan. Estilo barrokoetan, klasikoetan edo fusiokoetan, kameleoia da Céline, eta interpretatzen dituen obren eskakizunetara egokitzen ditu bere izaera eta aparteko ahotsa.
Agertokian rol asko jokatu ditu, ezagunenen artean hauek: Zerlina Don Giovanni operan, Papagena Mozarten La Flauta Mágica operan, L’Amour eta Clarine Rameauren Platée operan, eta Musika eta Eurídice Monteverdiren Orfeo operan. Zenbait eszena-zuzendariekin egin du lan, Wilson-ekin eta Kentridge-rekin esaterako, bai eta Europa osoko opera barrokoaren arloko musika-zuzendari nagusiekin ere, aldizka Asian eta Estatu Batuetan birak eginez. Venus ahaztezin bat izan zen John Blow-ren Venus & Adonis operan, Bertrand Cuiller-ek zuzendutako ekoizpen batean (eskuragarri dago DVDa), eta bereziki estimatzen du Damien Guillon-ekin izandako lankidetza (Le Banquet Céleste).
Lan asko grabatu ditu: duela gutxi Wonder Women (2024), L’Arpeggiatarekin eta Christina Pluhar-ekin; bakarlarien errezitaldi-programak, Philippe Pierlot-ekin, Flora diskoetxearentzat (Dolcissimo Sospiro), eta, udaberri honetan, The Tears of the Virgen argitaratuko da (Mirare diskoetxea).
Oso gustuko du diziplina eta estilo desberdinak uztartzea; horren ildotik, kolaborazio hauek egin ditu: Pina Bausch-ekin; Linzeko Antzokiko Balletarekin, Music for a While ikuskizunean, eta Caen-eko Zentro Koreografikoarekin, Kiss me now ikuskizunean. Horrez gain, beste kultura batzuekin bat egiteko proiektu askotan hartu du parte.
Bestalde, Céline zumba-irakasle oso maitea da bere jaioterrian!