Sara Bitlloch biolina
Donald Grant biolinak
Simone Van Der Giessen biola
Marie Bitlloch biolontxeloa
1998an Manchesterreko Royal Northern College of Music kontserbatorioan sortua, bere belaunaldiko talderik garrantzitsuenetakoa da Elias String Quartet. Taldeak Elijah (Elias, alemanez), Felix Mendelssohnen oratorio handiaren, izena hartu zuen.
Azken emanaldien artean, hauek dira aipagarriak: Beethovenen ziklo bat, Tokioko Suntory Hall aretoan; Mendelssohnen ziklo bat, Londresko Wigmore Hallean; East Neuk Festival jaialdiaren hogeigarren urteurrenaren ospakizuna, eta bira bat Estatu Batuetan —New Yorken, Filadelfian, Chicagon eta Durhamen—.
Bere interpretazioaren sakontasunagatik eta soinuaren bizitasunagatik da ezaguna laukotea, eta munduko agertoki nagusi askotan aritu da.
Une artistikorik garrantzitsuenetakoa The Beethoven Project izan zen: Beethovenen hari-kuartetoen osotasuna aztertu, interpretatu eta grabatu zuten Wigmore Hall Live diskoetxearentzat. Biziki goraipatua izan zen ziklo hori, laukotearen adierazpen-sakontasunagatik eta -batasunagatik, eta, horri esker, Elias Quartet funtsezko errepertorio horren interprete nagusietako bat da gaur egun. Proiektua proiektuaren webgunean (www.thebeethovenproject.com) ere dokumentatu zuten. Denboraldi honetan, Beethovenen kuartetoetara itzuli da laukotea, Wigmore Hall aretoko ziklo berri baterako.
Laukoteak konpromiso sendoa du musika garaikidearekin, eta, ildo horretan, Sally Beamish, Colin Matthews eta Matthew Hindson konpositoreei enkargatu dizkiete lanak, besteak beste. Kolaborazioen artean, Jonathan Biss piano-jotzailearekin batera jo eta grabatu dute; batez ere, Schumann eta Dvořák maisuen piano-kintetoak.
Christopher Rowland doktorearekin ikasi zuen laukoteak, RNCMn, eta, ondoren, Alban Berg laukotearekin, Kolonian. Gainera, György Kurtág, Rainer Schmidt, Peter Cropper eta Paul Katz konpositore eta musikarien maisu-eskoletan hartu zuen parte. BBC Radio 3ko New Generation Artists programan parte hartu eta Borletti-Buitoni Trust fundazioaren beka bat lortu zuen Elias Quartet laukoteak, eta horri esker lortu zuen nazioarteko ospea. 2005etik 2009ra bitartean, artista egoiliarrak izan ziren Sheffielden, Ensemble 360 taldeko kide gisa, Lindsay Quartet laukotea ordezkatuz. Duela gutxi, laukotea jatorrira itzuli da, RNCMko laukote egoiliar gisa; hau da, emanaldiak eta eskolak konbinatzen ari dira, eta ganberako musikarien belaunaldi berriarekin elkarlanean.