Aaron, Daniel eta Pablo Zapico anaien proiektu artistikoa da Forma Antiqva. Langreon (Asturiasen) sortu zen duela bi hamarkada baino gehiago, eta Espainiako musika klasikoaren talderik garrantzitsuenetakoa da, bere ibilbideagatik, konpromisoagatik eta etengabe eguneratzeagatik.
Eraketa aldakorrarekin —hirukotetik orkestra barrokora—, XVII. eta XVIII. mendeetako errepertorioak jorratzen dituzte, originaltasunez eta ausardiaz, dantza-musika iberiarrak eta abesbatza- eta opera-lan handiak tartean; besteak beste, Jommelli, Hasse, Baset, Castel, Lázaro eta Blas de Laserna autoreen lanak berreskuratuta.
Sarritan gonbidatzen dituzte areto garrantzitsuetara, hauetara, besteak beste: Teatro Real, Teatro de la Zarzuela, Palau de la Música, Teatro de la Maestranza eta Auditorio Nazionala. Espainiako ondarearen enbaxadore izan dira Pragako Rudolfinumean, Dubaiko Expo 2020an eta Sharjahko Liburu Azokan. Ohikoak dira Europako jaialdietan eta Latinoamerikan, eta, adibidez, New York, Tokio, Canberra edo Londres hirietara eraman dute beren musika.
Beti abangoardian eta sorkuntzarekin eta berrikuntzarekin konprometituta, erronka estimulatzaileei egin diete aurre: Jazzaldia inauguratzea beraientzat konposatutako musikarekin, zinema historikoko emanaldiei laguntzea, Martin Scorsese eta Meryl Streep omentzea Princesa de Asturias Fundazioarentzat edo Ardor barroco proiektu pedagogiko propioa garatzea.
Hamarkada bat baino gehiago eman ondoren Alemaniako Winter & Winter diskoetxearekin argitaratzen, 2025ean Zapico Records diskoetxea sortu zuten, beren sormena bultzatzeko. Lehen albumak, De sópitu izenekoak, instrumentu historikoak folklorearekin uztartzen ditu, eta dagoeneko ezaguna da bere kontzeptuagatik, ekoizpenagatik eta diseinuagatik. Haien diskografiak sari ugari irabazi ditu, hala nola MIN 2018 saria, eta International Classical Music Awards sarietarako hainbat izendapen ere bai.
Forma Antiqvaren originaltasuna, ausardia, kalitatea eta berrikuntza aintzatetsi dituzte kritikak, komunikabideek, elkarteek eta jaialdiek. Gaur egun, proiektu berriak dituzte esku artean; esate baterako, XVIII. mendeko Espainiako emakumeen unibertsoa tonadillen bidez, Hasseren Il Demetrio operaren estreinaldia eta Divina resonancia programa erlijiosoa.