Orquesta Sinfónica del Principado de Asturias (OSPA)

Asturiasko Printzerriko Gobernuak sortu zuen 1991n, eta Felipe VI.a Erregea du Ohorezko Presidente. Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoak Oviedoko Príncipe Felipe Auditoriumean du egoitza, eta erreferente bat da Asturiasen eta Asturiastik kanpo, haren moldakortasunagatik, interpretatzeko gaitasunagatik eta kalitate ukaezinagatik.

OSPAk Oviedon eta Gijonen du abonamendu-denboraldia, eta presentzia handia Asturias osoan eta Espainian. 2022-2023 denboralditik, Nuno Coelho da zuzendari titularra. Jesse Levine, Maximiano Valdes eta Rossen Milanov aurreko zuzendari titularrez gain, hartatik pasa dira, besteak beste, Pablo González, Jaime Martín, Elim Chan, Michal Nesterowicz, Vasily Petrenko, Dalia Stasevska eta Hans Graf zuzendari handiak. Bakarlari handiekin kolaboratzen du sarritan: Javier Perianes, Pablo Ferrández, Akiko Suwanai, Daniel Müller-Schott, Kirill Gerstein, besteak beste.

Orkestrak lan pedagogiko eta sozial handia egiten du Asturiasen, urtetik urtera aukerak zabalduz, eta harrera bikaina izaten ari da aurkezten den leku guztietan. Haren jarduerarik nabarmenenen artean, aipatzekoa da Carnegie Hall kontzertu-aretoarekin izan duen lankidetza LinkUp programan. Edizio bakoitzean 9.000 ikasle baino gehiago hartzen ditu programa horrek.

Asturiasko Printzesa Sariak banatu aurreko kontzertuan ere hartzen du parte, Errege Etxea bertan dela.

Printzerritik kanpo, Orkestra Espainiako auditorium eta aretorik garrantzitsuenetan aritu da, eta sarritan gonbidatzen dute Santanderko Nazioarteko Musika Jaialdira edo Bilboko Musika Jaialdira. Birak egin ditu Mexikon, Txilen, Frantzian —Lorienteko Interzeltiar Jaialdian parte hartzeko—, Txinan, Bulgarian eta New Yorken. 2011n kontzertu jendetsua eskaini zuen Vatikanoko Nervi Aretoan, Benedikto XVI.a Aita Santuaren aurrean.

Diskoetxe hauetarako grabatu du: Artek, Naxos, Classic Concert Records eta Channel Classics. Gure ondare musikaleko hainbat lan ere berreskuratu ditu, hala nola Tomas Bretonen Los amantes de Teruel eta Covadonga, eta XIX. mendeko espainiar sinfonismoaren lanak berrestreinatu ditu.

OSPA Asturiasko Printzerriko Kultura, Hizkuntza Politika eta Kirol Sailburuordetzaren erakunde autonomoa da.

2023ko iraila