Philippe Pierlot Liejan jaio zen. Autodidakta da gitarran eta lautean, eta zango-biola ikasi zuen Wieland Kuijken-ekin. Ricercar Consort taldeko zuzendaria da, eta XVII. mendeko errepertorioari eskaintzen dio bere lanaren zatirik handiena, publikoari aukera eskainiz balio artistiko handiko konpositore eta obra asko ezagutzeko.
Obra garaikideak ere eskaintzen ditu, horietako batzuk berari eskainiak, eta baritoia jotzen duen interprete bakanetako bat da. Oso gutxi ezagutzen den instrumentu horrentzat 150 obra inguru konposatu zituen Haydnek. Instrumentu horretarako moldaketak egin ditu —Schubertiade bat (Julian Pregardien-ekin), Beethovenen Irlandar Abestiak (Maria Keohane-rekin), eta jakina, baita zango-biolarako, bakarlari-musikarako eta consorterako obra ugari ere. Hainbat opera editatu eta berregin ditu, horien artean Monteverdiren Il Ritorno d’Ulisse (Bruselako Théâtre de la Monnaie antzokian, New Yorkeko Lincoln Center zentroan, Berlingo Hebbel-Theater antzokian eta Melbourneko Jaialdian, besteak beste), Marin Maraisen Sémélé eta Bachen Pasioa San Mateoren arabera.
Zango-biolarekin egin dituen azken grabazioak honako hauei eskaini dizkie: St Colombe (Les Filles de Ste Colombe), Consorts for Dystracted Times eta Meditation, Flora CD diskoetxerako —lankide batzuekin batera sortu zuen diskoetxea da—.
Zuzendari moduan, hauek dira haren lanik berrienak: Pasioa San Juanen arabera Parisen (Talens Lyriques/Calixto Bieito) eta Pasioa San Mateoren arabera Belgikan, Frantzian eta Israelen, duela urte batzuk, Jerusalem Baroque Orchestrarekin. Bereziki estimatzen du Jordi Savall-ekin eta Hesperion XXIekin (Tous les Matins du Monde…) aspalditik duen ohiko lankidetza, bai eta Daniel Zapico artxilautearekin eta Céline Scheen sopranoarekin izan dituen kontzerturik intimoenak ere. Spa jaioterrian, musikari gazteentzako eskola magistralak eta bestelako ekitaldiak antolatzen ematen du bere denboraren zati handi bat, eta natura, lorezaintza eta marrubien laborantza ditu beste pasioetako batzuk.
Philippe Pierlotek Kultura Ministerioaren Belgikako Komunitate Frantsesaren laguntza du.