(Scherzo)
Praga Collegium 1704 orkestra barrokoaren eta Collegium Vocale 1704 ahots taldearen sortzailea, Václav Luks Pilseneko Kontserbatorioan graduatu zen trompetista gisa. Antzinako musikarekiko grina erabat garatu zuen Suitzako Schola Cantorum Basiliensisen egin zituen ikasketetan, J.A. Bötticher eta J.B. Christensenen eskoletan, teklatuko instrumentuen arloan. Basileako ikasketetan eta hurrengo urteetan, kontzertuak eman zituen Europa osoan eta atzerrian (Estatu Batuak, Mexiko, Japonia), Akademie für Alte Musik Berlineko korneto bakarlari gisa.
1991n, Pilseneko Kontserbatorioan ikasle zela, Collegium 1704 ganbera musika taldea sortu zuen. Eta, horrekin, orkestra barroko egonkorra eratzea lortu zuen pixkanaka, Pragara itzuli ondoren. Orkestrak Bach – Praga – 2005 proiektuarekin arrakasta izan zuen, Txekiar Errepublikako musika eszenan. Aldi berean, Collegium Vocale 1704 ahots taldea sortu zuen Luksek.
Collegium 1704 taldean ez ezik, izen handiko taldeekin ere elkarlanean ari da Václav Luks: hala nola, Barockorchester Basel, Dresdner Kammerchor eta Nederlandse Bachvereniging-ekin. Antzinako musikaren munduan, ganbera eta orkestra musikari gisa ez ezik, zuzendari bikain gisa ere errekonozimendua jaso du, J.D Zelenka, J.S Bach eta G.F Händel atzoko maisu handien hutsik gabeko intuizioaz eta musikaren interpretaziorako zentzu itzelaz hornitua.