- Jaialdiak 70 emanaldi inguru eskainiko ditu hiru egunean, eta proposatuko du ibilbide bat egitea naturan inspiratutako musikaren historian zehar, hasi Berpizkundean eta gaur arte; errepertorioan ez dira faltako Vivaldiren Lau urtaroak, Richard Straussen Alpetar Sinfonia eta Beethovenen
- Musika klasikoz gainezka egongo da hiria, eta Arriaga Antzokian ere izango dira emanaldiak, lehenengo aldiz: martxoaren 4an, 19:00etatik aurrera, jaialdiari hasiera emateko kontzertuarekin, Haydn-en Kreazioa eskainiko da, Robert Howarth-ek zuzenduta eta Bilboko Koral Elkartearekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
- Familiek Musika-Música planean aurkituko dute berendako eskaintza, bi proposamen hauekin: Azkuna Zentroan “Ama Lurra” emango da, Companyia del Princep Totilauren musika- eta antzerki-ikuskizuna. EHUko Bizkaia Aretoan, “Deshaciendo nubes” sorkuntza-esperientzia eskainiko da, Mónica Rodríguez Curielek zuzenduta.
- Jaialdiak, musika klasikoaren zabalkundea egiteko eginkizunean interpretatzaile gazteei laguntzearren, gune bat erreserbatu du EHUko Bizkaia Aretoan, EHUko ikasleen orkestraren aurkezpena nabarmentzeko, alegia, EHUko Orkestra Sinfonikoarena: martxoaren 5ean izango da emanaldia, 13:00etan, Haendel, Respighi, Grieg eta Bach biltzen dituen errepertorioa eskaintzeko.
- Martxoaren 5ean, Kantamundi programa aurkeztuko da, Bilboko Koral Elkartearen eta Musika-Músicaren ekimenez, eta uriko hainbat ikastetxek parte hartuko dute bertan, xedetzat harturik abesbatza-sare bat sortzea eta kognizio-, afektu- , sormen- eta ikasketa-gaitasunak sustatzea.
- Musika-Música 2022 jaialdiak musika bizitzeko eta sentitzeko modu berriak ikertuko ditu, eta publikoei eskainiko, eta, horretarako, elkar eraginezko bi instalazio izango dira, bata Azkuna Zentroan eta bestea Euskalduna Jauregian; musika-proposamenak ere egingo ditu, hala nola “Origen” ikuskizuna, zeinak musika-esperientzia berritzaile bat eskainiko baitu, musika, eszenografia, hitza, argia eta kolorea fusionatuz.
- Kontzertu horietarako guztietarako sarrerak bihar jarriko dira salgai, asteazkenarekin, Euskalduna Jauregiko leihatiletan eta ohiko kanalen bidez.
Musika-Música jaialdia, Bilboko Udalak antolatzen du, eta martxoko lehenengo asteburuan ospatuko da (martxoaren 4an, 5ean eta 6an) haren 21. aldia, natura gaitzat hartuta. Musika-Música “NATURA” jaialdiak 70 kontzertu eskainiko ditu, era guztietako publikoentzat eta ohiko maratoi formatuan, nagusiki Euskalduna Jauregian, baina baita ere Azkuna Zentroan, EHUko Bizkaia Aretoan, eta, halaber, lehenengo aldiz, Arriaga antzokian, non, martxoaren 4an, 19:00etatik aurrera, Haydn-en Kreazioa emango baita hasierako kontzertu moduan, Robert Howarh-ek zuzenduta eta Bilboko Koral Elkartearekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
Oraingo aldi honetan, natura izango du inspirazio-gai Jaialdi honek, zeina era horretako bakarra baita Estatu osoan; gaur goizean aurkeztu du Juan Mari Aburto alkateak, Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin batera. Musika-Música 2022 jaialdiak ibilbide bat proposatuko dio publikoari, naturan inspiratutako musikaren historian zehar, eta han aurkituko ditu musika klasikoko obrarik esanguratsuenetako batzuk, hala nola Vivaldiren Lau Urtaroak, Haydn-en Kreazioa, Richard Strauseen Alpetar Sinfonia, Beethovenen Pastorala, Sain Saëns-en Animalien Inauteria, Mahler-en Lurraren Kantua edo Copland-en Apalachian Spring.
Aldi honetako berrikuntza nagusia zera da: gaia bera, Natura, ez da izango garai jakin batekoa soilik, baizik eta ibilbide bat Berpizkundean hasi eta gaur arte, musika- eta eszena-adierazpen garaikideenetara arte. Horren adierazgarri da nola Berpizkundeko soinuak zer denboragabe baten moduan entzungo diren Azkuna Zentroan, edo Vivaldiren Lau Urtaroak nola entzun ahal izango diren bideo-proiekzio batekin partekatuz agertokia, eta nola ikusi ahal izango den egun horretarako propio diseinatutako kontzertu bat, Daniel Oyarzabalek organoarekin eta Miriam Hontanak biolinarekin joko dutena Euskalduna Jauregiko auditorioan, saio arlote batean, martxoaren 4an, ostiralarekin, 20:45etik aurrera.
Horrez gain, alkateak aurreratu duenez, “musika auzoetara ere iritsiko da, musika proposamen deszentralizatu eta ibiltari baten bitartez, auzotarren harridura eraginez uriko kale eta plazetan”.
Musika-Música “NATURA” jaialdian, 70 proposamen inguru eskainiko dira, betiko formatu klasiko dagoeneko finkatuarekin, eta, hala, orkestra sinfonikoak, orkestra barroko nazioarteko ospedunak, laukoteak, hirukoteak, instrumentu-jotzaileak eta ahotsak bilduko ditu. Multzo artistiko horrek, gutxi gorabehera, 1.300 musikari bilduko ditu guztira, hala dagoeneko ospetsu bihurtuak nola berriak, eta guztiak izango ditugu agertokietan, hiru egunean zehar, gustu eta publiko mota guztientzako proposamenekin, eta prezio merkeetan (3 eta 12 euro bitartean ikuskizun bakoitzeko), adierazi du Gonzalo Olabarria zinegotziak.
MUSIKA MARATOIA
Alkateak xehetasunak eman ditu Bilboko jaialdi honen gakoen gainean, zeinari bere sailean bakana irizten baitzaio: “Musika-Música jaialdia musika klasikoko jaialdi bat da, maratoi formatua duena, eta zabalkundea egiteko ezaugarri nabarmena duena, betiere prezio merkeekin eta kalitate artistikorik handienaren aldeko konpromisoa hartuta”.
Euskalduna Jauregian, martxoaren 5ean (larunbata) eta martxoaren 6an (igandea), eskainiko da egitarauaren zatirik handiena, ohiko maratoi formatuarekin; 11:00etan hasiko dira emanaldiak, eta, gutxi gorabehera, 21:00etara arte izango dira, eta guztira berrogeita hamar emanaldi inguru, bakoitza 45 minutukoa. Auditorioan izango dira kontzertu sinfonikoak, Estatuko orkestra handien eskutik, eta hainbat obra eskainiz, hala nola Beethovenen Pastorala, Hayden-en Urtaroak, Richard Straussen Alpetar sinfonia, Fallaren Espainiako lorategietako gauak, edo Joaquín Rodrigoren Aranjuezko Kontzertua, azken bi horiek Gaztela eta Leóngo Orkestra Sinfonikoaren eskutik, Gabriel Bebeselea dutela zuzendari, eta Judith Jauregi pianoan, eta Rafael Agirre gitarran; domekan izango dira, 19:45etik aurrera.
Euskalduna Jauregiko 0B aretoan musika barrokoa eskainiko da: garai horretan eragin nabarmena izan zuen naturak, eta nazioartean ospetsuak diren zenbait orkestra izango dira, Vivaldi, Piazzola, Puccini, Manfredi edo Mozarten konposizioak gailentzen diren errepertorioarekin; publikoak, joko diren obretan, klabezina (klabea) entzuteko aukera izango du kontzertu batzuetan.
Beste alde batetik, 0D aretoko agertokian, ganbera-kontzertuak eskainiko dira: dozena bat emanaldi, eta haien artean aipamen berezia merezi dutenak Dúo del Valle bikotea, pianorako kontzertu bat emanez lau eskurekin joa, Shubert-en, Ravel-en eta Dvoräk-en obrekin. Han bertan, Le Concert Impromptu taldeak honako hauen piezak eskainiko ditu: Glück, Villa-Lobos, Mendelssohn, Beethoven eta Berlioz. Haize-instrumentuen ensemble ez oso ohiko bat osatzen du taldeak. 0A aretoan, errezital segida bat eskainiko da, maila handiko piano-jotzaileen eskutik, hala nola Judith Jauregi, Alfonso Gómez edo Luis Fernando Pérez, guztiak ere ospea bildua dutenak beren ibilbidean, eta Musika-Música jaialdian eman zituztenak beren estreinako emanaldiak.
Izan ere, Musika-Música jaialdian, ibilbide luzea egin duten artistak eta interpretatzaile gazteak izango dira elkarrekin, egoitza eta programa beretan, Euskalduna Jauregiko Kiosko gunean. Agertoki horretan, martxoaren 5ean, Kantamundi programaren estreinaldia izango da, Bilboko Koral Elkartearen eta Musika-Músicaren ekimenez, eta uriko hainbat ikastetxek parte hartuko dute bertan, xedetzat harturik abesbatza-sare bat sortzea eta kognizio-, afektu- , sormen- eta ikasketa-gaitasunak sustatzea. Interpretatzaile eta konposatzaile profesionalek parte hartuko dute programa honetan.
INTERPRETATZAILE GAZTEAK
Kiosko gunean, halaber, kontserbatorioetako eta musika-ikastetxeetako musika ikasleak bilduko dira. Aurten, sarrera beharko da eremu horretara sartzeko, eta prezio merkean (3 euro) eskainiko da: bihartik aurrera egongo dira salgai ohiko kanalen bitartez.
Alde horretatik, Bilboko Udalaren Kultura Saileko zinegotziak argitu duenez: “Musika-Músicaren erronketako bat da musika-ikastetxeen eginkizuna babestea, baina, halaber, interpretatzailerik gazteenen lanari laguntzea, musika klasikoaren zabalkundea eginez betetzen duten zereginean”: Hori da Rioja Filarmonía orkestraren kasua, zeinak EHUko Bizkaia Aretoan emango baitu “Beethoven poltsikoan” kontzertu iruzkinduna; halaber, “Origen” kontzertua ere, Neuma txirula-laukotearen eskutik: musika-eszenografia, hitza, argia eta kolorea nahasten dituen proposamen garaikidea baitakar Azkuna Zentroan eskaintzeko, martxoaren 5ean, 18:30ean, eta martxoaren 6an, 13:00etan. Aipamen berezia merezi du EHUko Orkestra Sinfonikoak, zeina Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek osatzen baitute: EHUko Bizkaia Aretoan emango du kontzertua martxoaren 5ean, 13:00etatik aurrera, honako hauek biltzen dituen errepertorio batekin: Haendel, Respighi, Grieg eta Bach, Doru Artenie-ren zuendaritzapean.
PUBLIKO BERRIAK
Juan Mari Aburtok, aurkezpenean, hau ekarri du gogora: Nazioarteko Jaialdi hau erreferentea da musikaren arloan, “urtetik urtera, milaka pertsona, bertakoak, kanpotik etorriak, familiak, gazteak, helduak, melomanoak, zaletuak eta lehen aldiz musika klasikora hurbiltzen direnak, Musika-Músican biltzen dira, zeina bilbotar guztien JAIALDIA bihurtu baita epe labur batean, leku bat lorturik gure agendetan eta musikaren arloan ezagunenak diren hitzorduen artean”.
Musika-Música jaialdiak, lehiaturik publiko geroz eta askotarikoago eta zabalago batengana iristera eta publiko berriak heztera musika klasikorako, leku bat gorde du halaber familientzat, umeendako egokitutako proposamenak eskainiz. Hala, bada, EHUko Bizkaia Aretoan, “Deshaciendo nubes” sorkuntza-esperientzia izango da, Mónica Rodríguez Curiel andreak zuzentzen duen esperientzia sormenezko eta parte hartzezko bat, zeinaren bi emanaldi eskainiko baitira, bata zapatuan, 11:00etan, eta bestea domekan, 12:15ean. Horrez gain, Azkuna Zentroan, “Ama Lurra” eskainiko du Companya del Príncep Titilau deritzonak: musika- eta antzerki-ikuskizun bat da, familian gozatzeko, eta bi emanaldi izango ditu, bata zapatuan, 12:15ean, eta bestea domekan, 11:00etan.
Modu asko dago musika eta natura aurkezteko, gozatzeko eta sentitzeko, zirrara eragiteko. Hori dela eta, Musika-Músicaren aldi honetan, formatu berriak ikertuko dira, publiko berriak erakartzearren eta zirrara berriak eragitearren. Hala, bada, aurten, bi agertoki izango dira eszena garaikide berri honetarako, Azkuna Zentroko sabai-leihoan eta Euskalduna Jauregian, elkar eragitezko instalazio bana izango baita haietan, publikoak zer probatu nahi, hartarako. Lehenengo instalazioa Azkuna Zentroan egongo da, eta landareak ukitu ahal izango dira naturaren soinuak eraginez, Wagner-en “Zurrumurruak basoan” obraren erritmoaren arabera. Euskalduna Jauregian, “Sming” instalazioa egongo da, abesbatza elkar eraginezko bat, non publikoari aukera emango baitzaio nork bere orkestra zuzentzeko batuta magiko batekin.
Bestalde, aldi honetan, berrikuntza gisa, Musika-Música jaialdia hasi baino egun batzuk lehenago, Jaialdia kalera aterako da, jendearen bila, proposamen ibiltari batekin, zeina uriko auzoetan zehar ibiliko baita martxoaren 1ean, 2an eta 3an, Sain Saëns konposatzailearen musika-pilula txikiak eskainiz, betiere uriko bazter guztiei musika klasikoz gainezka ipini arte.
ZINEMAKO MUSIKA
Dagoeneko finkatua baitu atal hau Jaialdiak, zinemako musikaren ingurukoa, hiru saio eskainiko ditu, lehena martxoaren 4an, ostiralarekin, jaialdiaren hasierarekin batera. EHUko Bizkaia Aretoan, mahai-inguru bat izango da, César Coca kazetari kulturan berezituak eroango duena; zinemako soinu-banden konposatzaileek ere parte hartuko dute, hala nola Ángel Illarramendik (“Tasio”), Fernando Velázquezek (“Lo imposible”) eta Nerea Alberdi konposatzaile, orkestratzaile eta moldatzaileak. Bestalde, zapatuan eta domekan, han bertan, Patricia Sojok eta César Cocak zinemaren, musikaren eta naturaren arteko harremana aztertuko dute, bi saiotan: “Musikak arrastan narama itsasoak nola”, klasikoen, naturaren eta zinemaren gaineko saioa; eta “Hau da naturaren soinua zineman”, zinemako soinu-banden konposatzaileek paisaia nola islatzen duten aztertuko duena.
VENTA DE ENTRADAS
Sarrerak BIHARTIK aurrera (otsailaren 16a, eguaztena) erosi ahal izango dira.
- Euskalduna Jauregiko leihatilak: astelehenetik zapatura, 12:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.
- euskalduna.eus webgunean.
- Kutxabank-eko orotariko kutxazainetan
- Taldeentzako bakarrik: 94 403 51 80 telefonoan, 12 sarreratik gora kontzertu bererako (gutxienez 50 sarrera erosi behar dira).
- “Kiosko” eremuan Interpretatzaile Gazteen kontzertuetara sartzeko, sarrera beharko da (3 euro).
Egitarauaren xehetasun guztiak eta ordutegi eta prezioen gaineko informazioa jaialdiaren webgunean dago eskura.
Covid-19 gaitzaren kontrako neurriak
Jaialdiaren antolatzaileek zorrozki beteko dituzte COVIDa dela eta indarrean dauden neurri guztiak, baita maskara eremu itxietan erabili beharrari buruzkoa ere, besteak beste. Uneoro, Musika-Música jaialdiaren egoitza guztietan, aretoetako langileen gomendioak bete beharko dira.
SARE SOCIALAK
- BILBAO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- BILBAO KULTURA: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
- MUSIKA MUSICA: | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM