Cecilia Bernardini

Biolina eta zuzendaritza

Cecilia Bernardini italiar eta herbeheretarra bere belaunaldiko biolinistarik moldakorrenetako bat da, eta garaiko instrumentuak historikoki informatutako modu batean jotzen espezializatuta dago. Europako kontzertu-aretorik ospetsuenetako batzuetan aritu da, bakarlari, ganbera-musikari edo zuzendari artistiko jardunez; hauek dira batzuk: Royal Albert Hall eta Wigmore Hall (Londres), Concertgebouw (Amsterdam), Musikverein (Viena) eta Konzerthaus (Berlin).

Duela gutxi arte, bi taldetako zuzendaria zen Cecilia Bernardini: Eskozian egoitza duen Dunedin Consort taldekoa eta Frantzian egoitza duen Ensemble Pygmalion taldekoa. 2019an, Belgikako B`Rock orkestrako buru izendatu zuten.

2023az geroztik, Freiburger Barockorchester orkestrako zuzendari artistiko elkartua da. Instrumentu modernoak eta garaikoak jotzen dituzten beste hainbat talde ere zuzendu ditu, hala nola Bachvereniging (Herbehereak), Ensemble Zefiro, Arcangelo, Vox Luminis, Tafelmusik orkestra barrokoa, The King’s Consort, Eskoziako Ganberako Orkestra eta Camerata Salzburg. Bakarlari gisa ere aritu ohi da, eta kritikak goraipatutako grabazio askotan hartu du parte. Ganbera-musikaren zale porrokatua izanik, Bernardini laukoteko eta Soldat hirukoteko kidea da, eta bikotea osatzen du Keiko Schichijo pianistarekin.