Singer Pur

“Singer Pur-en programa kalitate eta interes handikoa da: taldeak erabateko maisutasunez eta inspirazioz jotzen dituen obra bikainak biltzen ditu.”

(Scherzo disko bikaina, 2023ko otsaila)

Singer Pur munduko ahots-talderik ospetsuenetakoa da. Soprano batek, hiru tenorek, baritono batek eta baxu batek osatzen dute. Jatorriz, Alemaniako Ratisbonako «Domspatzen» eskolania famatukoak dira guztiak. Taldeak 1992an eman zuen lehen kontzertua eta, harrezkero, 60 herrialdetan baino gehiagotan aritu da, eta sona handiko aretoak bisitatu dituzte, hala nola Elbphilharmonie (Hanburgo), Philharmonie (Paris) eta Arte Eszenikoen Zentro Nazionala (Pekin). Taldearen errepertorioa hainbat diskotan dago jasota, eta musikaren historian egindako benetako bidaiatzat har daiteke. Taldearen CDek sari eta aipamen ugari lortu dituzte, besteak beste: Le Monde de la Musique aldizkariaren «urteko ekoizpenik onena» aipamena, Scherzo aldizkariaren «disko bikaina» aipamena, ECHO Klassik saria hiru aldiz eta 2022ko OPUS Klassik saria. Taldeak irabazitako beste sari batzuk dira, halaber, Bavaria Estatuko Musika Saria eta Europako Musika Koralaren Lagunen Enbaxadore titulua.