Kukai Dantza Errenterian sortu zen eta bertan du egoitza. Jon Maya dantzariaren ekimenez eratu zen, 2001ean.
Kukaik ikuskizun garaikideak sortzen ditu, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta. Ikuskizun arrakastatsuen bidez —Oskara, Gelajauziak…— hizkuntza propioa landu du, eta koreografo garrantzitsuekin aritu da lankidetzan: Marcos Morau, Sharon Fridman, Cesc Gelabert, Israel Galván eta Jesús Rubiorekin, besteak beste. Gainera, hainbat hizkuntza artistikoren arteko topaketak sustatu ditu (antzerkia, zinema, arte plastikoak, arkitektura, gastronomia), eta nabarmena da ezohiko lekuetan —museoetan, naturaguneetan…— lan egiteko duen gaitasuna.
Kukairen ikuskizunak hogeita bost herrialde baino gehiagoko antzokietan eta jaialdietan erakutsi dira. Sari azpimarragarriak jaso ditu: 2017ko Dantza Sari Nazionala, Max sariak, 2016ko Kataluniako Kritikaren Saria, Donostia Antzerki Saria… Proiektu artistikoarekin batera, herritarrek parte hartzeko proiektua darama aurrera, hainbat kolektiborekin batera lantzen dituen egitasmoen bidez.