Amaia Zipitria Zugasti Andoainen (Gipuzkoan) jaio zen. Andoainen bertan egin zituen ikasketak (Luis Fraca eta Myriam Ulanga irakasleekin), baita Donostian (Gonzalo Trevijanorekin), Baionan (Mme. Douérekin) eta Rotterdamgo goi-mailako kontserbatorioan ere (Barbara Grajewskarekin).
Pianista laguntzailea da Madrilgo Reina Sofía musika-eskolako Zakhar Bronen biolin-katedran, Alcalá de Henareseko Unibertsitateko musika-ikasgelan eta hainbat ikastaro magistraletan. Gaur egun, Asier Poloren eta José Luis Estellésen biolontxelo- eta klarinete-eskoletako errepertorioko irakaslea da, Musikene – Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, baita Suhar eta Hots koruetako pianista ere.
Kontzertuak eman ditu hainbat auditoriotan; adibidez, Madrilgo Nazionalean eta Bartzelona, Zaragoza, Sevilla, Málaga eta Oviedoko auditorioetan, baita Bilboko Euskaldunan eta Donostiako Kursaalen ere. Atzerrian, berriz, Kroazian, Italian, Frantzian, Suitzan eta Ingalaterran aritu da.
Egindako grabazioen artean, azpimarratzekoak dira hauek: Jesús Villa-Rojoren 2. zenbakiko sonata, Asier Polo (NAXOS) biolontxelistarekin batera; Poulenc konpositorearen Babar obraren ganbera-taldearen bertsioa, Cadaquéseko Orkestrako kideekin (TRITO), eta Soinuaren Bidaiarekin egindako bi grabazioak.