Andrew Litton

Zuzendaria

New York City Balleteko musika-zuzendaria eta Bournemouth Symphony Orchestrako ohorezko zuzendaria da Andrew Litton. Lehenago, Bergeneko Filarmonikako ohorezko zuzendaria izan zen, eta orkestra horren nazioarteko ospea sustatu zuen hainbat biraren eta grabazioren bidez, barne direla BBC Proms zikloan eta Amsterdameko Concertgebouw, Vienako Musikverein eta New Yorkeko Carnegie Hall aretoetan egindakoak. Musikari egindako ekarpena dela eta, Merituaren Norvegiako Errege Ordena eman zion Norvegiako Harald V.a erregeak.

Dallas Symphony Orchestrako zuzendaria zela (1994-2006), hainbat bira egin zituen Europan zehar, baita grabazio ugari ere, eta orkestra horren ondare-funtsa nabarmen handitzea lortu zuen. Antzokietan ere jardun izan du Littonek zuzendari, hala nola Metropolitan Operan, Covent Gardenen eta Deutsche Oper Berlinen, eta funtsezko zeregina izan zuen Bergeneko Opera Nazionala sortzen. Operako eta balleteko programa arrakastatsuak ditu bere errepertorioan, eta, besteak beste, Royal Ballet eta Bayerisches Staatsballett konpainiekin egin du lan.

Zuzendari gisa ibilbide handia izateaz gain, pianista iaioa, Gershwinen musikan aditua eta Michiganeko Unibertsitateko konpositore horren artxiboetarako aholkularia ere bada Litton. Sari ugari jaso ditu; esaterako, Yaleko Sanford domina eta Bournemoutheko Unibertsitateko ohorezko doktoretza.