Berdinki Zirku garaikidea, Irati González Jaimerena (Irun, 1986) eta Koldo Arakistain Irazuta (Zarautz, 1985) akrobazia garaikidean espezializatutako bikote artistikoak sortutako konpainia da.
Karpa-zirkuko ibilbidean aritu ondoren, 2019an euren konpainia propioa sortu zuten Karrikan deialditik abiatuta, kaleko ikuskizunak garatzeko asmoz, berdintasunaren inguruko hausnarketa eta euskarazko sorkuntza bere lanaren ardatz nagusi bihurtuz.
Jardun eszenikoa eta pedagogikoa uztartzen dituzte. ZIRKUOLA LANTEGIA (Aduna) zirkuko arteen prestakuntzarako espazioaren sustatzaileak dira, eta gaur egun bertan kudeaketa lanak egin eta ikastaroak ematen dituzte.
Beraien ekoizpenak hainbat herritako plaza eta antzokitan aurkeztu dituzte, eta azken urteotan Euskadiko Orkestrarekin eta TxalapART-en ekoizpenekin elkarlanean aritu dira, zirkua eta beste diziplina artistiko batzuen arteko elkarrizketa aberastuz.