Christina Pluhar

Orkestra-zuzendaria, laute-jotzailea, harpalaria, moldatzailea eta konpositorea

L’Arpeggiatarekin, XXI. mendean sartzen da barrokoa: fina, dotorea, lizuna, sutsua eta liluragarria. Aurrera jarraitzeko iraganari eginiko begirada bizia.

BR-klassik

Christina Pluhar orkestra-zuzendari austriarra antzinako musika-panoramako musikaririk berritzaileenetakoa da.

Haren musikarekiko grina geldigaitzari esker, ECHO Klassik sariak irabazi ditu 2009an, 2010ean eta 2011n. 2018an, Opus Klassik sarietan Urteko Taldearen aintzatespena eman zioten L’Arpeggiatari. Kritikak goraipatu duenez, instrumentistek eta abeslariek —Christina Pluharren zuzendaritzapean— modu aske, espontaneo eta biziki bertutetsutan interpretatzen dituzte hautatutako piezak, aurretik sekula entzun gabeko soinuak lortzen baitituzte paleta koloretsuarekin.

Christina Pluharren CD eta kontzertuek lilura pizten dute, eta haren interpretazio, moldaketa eta aurkikuntza musikalak arrastoa ari dira uzten egungo antzinako musikaren munduan.

Asko zor dio Christina Pluharri musikagintzak, bai antzinako eszena musikalak, bai XXI. mendekoak, oro har harturik. 2000. urtean L’Arpeggiata taldea sortuta, zuzendari, laute-jotzaile, harpalari, moldatzaile eta konpositoreak ederki lortu du urte luzez antzinako musika interpretatzeko eta ulertzeko ezarritako modua haustea, baita hari buruz dugun ikuspegia berritzea ere. Christina Pluharrek, bere ikuspegiari esker, ustekabeko publiko bati ireki dio musika barrokoa.