FRANÇOIS LÓPEZ FERRER

López Ferrerren soinua izaera aberatsekoa da, beti argia eta zehatza. […] Ezin hobea une gogoangarriz betetako gau bati amaiera emateko.

Pablo Sánchez-Quinteira | BACHTRACK

François López-Ferrer orkestra-zuzendari hispano-estatubatuarrak ibilbide artistiko luzea du, kritikak haren interpretazioen dinamismo eta sendotasunagatik nabarmendua. Sir Georg Solti Conducting Award ospetsua irabazi zuen 2024an, eta, nazioarteko ibilbidean, berriki mundu osoko orkestra eta opera-antzokiekin debutatu du, tartean direla Chicago Symphony Orchestra; Los Angeles Philharmonic (LA Phil, Hollywood Bowl-ean); Hong Kong Philharmonic; Opéra national de Paris; Orchestra Sinfonica G. Rossini (Rossini Opera Festival jaialdian); Houstoneko, Detroiteko eta Utahko orkestra sinfonikoak; Espainiako Orkestra Nazionala; Puerto Ricoko Orkestra Sinfonikoa; Galiziako Orkestra Sinfonikoa; Radio Televisión Españolaren Orkestra Sinfonikoa; Verbier Festival Orchestra; Ensemble intercontemporain; Opéra de Lausanne, eta George Enescu Philharmonic.

Hainbat konpromiso ditu: Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin debutatuko du Errege Antzokian, Verdiren Il Trovatore lanaren ekoizpen batean; Rossiniren El barbero de Sevilla zuzenduko du Symphonieorchester der Volksoper Wien, Biel Solothurn Symphony Orchestra eta Opera San Antonio taldeetan, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Omaha Symphony, Rochester Philharmonic, Orchestra di Padova e del Veneto, Symphony San Jose eta Orchestre internationale de Genève orkestretara itzuliko da.

Cincinnati Symphonyko (CSOko) eta May Festival jaialdiko zuzendari elkartu gisa hasi zuen ibilbidea, eta arrakasta handiak lortu zituen, bai publikoaren aldetik, bai kritikaren aldetik. 2022ko urtarrilean, azken unean Louis Langrée ordezkatu zuen CSOn, Mark Simpson-en biolinerako kontzertuaren Estatu Batuetako estreinaldirako, non Nicola Benedetti bakarlariak parte hartu baitzuen. LA Phil-eko Dudamel bekaduna izan zen aldian (2021-2022), bere gaitasun artistikoak biribildu zituen, baita Académie de la Opérako zuzendari egoiliarra izan zenean ere. Zuzendari gonbidatua izan zen 2022ko Bruno Walter National Conductor Preview prestigiotsuan, Louisiana Philharmonic Orchestrarekin batera.

López-Ferrer, bere karrera goiztiarrean, Txileko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko zuzendari elkartua eta Txileko Ballet Nazionaleko zuzendari nagusia izan da. 2015eko Menuhin-Gstaad jaialdian Neeme Järvi Inaugural saria irabazi zuen, eta Deutsche Dirigentenforumeko kide izan da. Suitzan jaio eta Estatu Batuetan hazi zelarik, bere herentzia kubatarra eta espainiarra uztartzen ditu, eta sei hizkuntzatan mintzatzen da erraztasun handiz.