(esan zuen James Rhodesek, Valentina Rojok Cadena Ser irratian elkarrizketatu zuenean.)
Bartzelonan jaio nintzen, 1947an. Musika oso garrantzitsua eta egunerokoa zen nire familian, gomuta dudanetik. Garai hartan ez zen ohikoa Espainian. Dudarik gabe, egoera horrek eta gurasoek, lanbidez musikariak ez izan arren, baldintzarik gabe lagundu izanak —emozionalki zein ekonomikoki—, aukera eman dit bizitza osoan lanbide honetaz gozatzeko.
Gaztetan hainbat lehiaketa irabazi nituen. 1977ko Jaéneko eta 1978ko Santanderreko nazioarteko lehiaketei esker, Espainian ezaguna izaten hasi nintzen. Askoz ere geroago, Espainiako Kultura Ministerioak Musikako Sari Nazionala eman zidan, eta estimu berezia diot, lankideen estimazioagatik jaso bainuen. 80ko hamarkadan, arian-arian handitu egin zen nire jarduera publikoa, eta gaur egun Espainiako ia orkestra guztiekin jotzen dut erregularki, oso zuzendari onekin, bai eta errezitaldi eta ganbera-musikan ere, jaialdi eta auditorium nagusietan. Mugetatik kanpo ere jarduera bikaina dut, bereziki Frantzian, 70eko hamarkadan denbora luzez bizi izan bainintzen han, Alfred Cortotek sortutako L ‘École Normale de Musique eskolan ikasten. Han grabatu dut nire diskografiarik gehiena Mandala diskoetxerako, Brahms, Franck, Blasco de Nebra, Mompou, Falla eta beste hainbat autoreren musikarekin.
Musika egitea pribilegio handia da, eta eskerrak eman nahi dizkiet nire kontzertuetara joaten diren pertsona guztiei, niretzat eguneroko miraria dena partekatzeko.