Ricercar Consort

«Ricercar, buscar» izan da taldearen leloa 1980ko hamarkadan sortu zenetik, eta Philippe Pierlot-ek zuzendu du 1998tik. Ricercar Consortek ahantzita gelditutako konpositore ugari ezagutarazi dizkie melomanoei, eta lan handia ari da egiten iraganeko musiken interpretazioan.

Taldeak mundu osoan jotzen du, eta ekoizpen handiak tartekatzen ditu, batez ere eliz musikaren esparruan, ganbera-musikarekin, eta horren zati handi bat biola-taldearen ingurukoa da.
Nazioarteko prentsak saritu ditu eta erreferentziazko interpretaziotzat hartu dira talde honek egin dituen Bachen obra nagusien grabazioak: Magnificat, Trauer-Ode, Pasioa San Juanen arabera, Kantatak…

Ricercar Consortek biolen consorterako obrak ere interpretatu ditu, eta askotan enkarguz estreinatu ere, hala nola George Benjaminen Upon Silence, konpositorearen aurrean interpretatua, eta, berrikiago, Benoît Mernier-en Upon Tears eta Bernard Foccroulle-ren Exils.

Ricercar Consortek eta Philippe Pierlotek aldizka Collegium Vocale Gent abesbatza belgikarrarekin jarduten dute lankidetzan, Bachen (Soli Deo Gloria, MIR490 grabaketa) edo Schuberten lanetan.
Belgikako Komunitate Frantsesaren laguntzarekin, taldeak Pasioa San Mateoren arabera eta Bachen Meza si menorrean aurkeztuko ditu laster.