Ana Quintansek Lisboako kontserbatorioan eta Flanders Opera Studion egin zituen ikasketak. Lanean honako hauek izan ditu zuzendari, besteak beste: Ivor Bolton, William Christie, Michel Corboz, Vincent Dumestre, Leonardo García Alarcón eta Marc Minkowski. Egindako grabazioen artean, aipatzekoak dira Fauréren Réquiem, Almeidaren La Spinalba, Monteverdiren L’Orfeo, Cappella Mediterranea taldearekin, eta Rameauren Les Indes Galantes, La Chapelle Harmonique taldearekin. Bakarkako disko bat ere grabatu du, Albinoniren ariez osatua, eta paper nagusia jokatu du Sebastián Durónen Coronis zarzuelan. DVDko grabazioen artean, nabarmentzekoak dira Charpentier-en David et Jonathas eta Monteverdiren L’incoronazione di Poppea, biak ere Les Arts Florissants taldearekin eta William Christieren zuzendaritzapean.
Haren azken emanaldien artean, azpimarratzekoak dira Salieriren Cublai gran Kan di Tartari, Theater an der Wien antzokian, Les Talens Lyriques taldearekin eta Christophe Rousseten zuzendaritzapean, eta João Guilherme Ripper-en Domitila ganbera-operako paper nagusia, Madrilgo Juan March fundazioan.
Denboraldi honetako proiektuei dagokienez, berriz, hainbat kontzertu egingo ditu Cappella Mediterranea taldearekin (Rameauren Les Indes Galantes obraren kontzertu-bira) eta Le Poème Harmonique taldearekin (Purcellen Dido and Aeneas), baita Schumannen Escenas del Fausto de Goethe ere, Lisboako São Carlos antzoki nazionalean.