Carlos Goikoetxea

Piano

“Harrigarria izan da Carlosek solista gisa egindako jarduna, eta ez gara gaitasun teknikoak soilik goraipatzen ari, haren interpretazio-heldutasuna ere nabarmendu nahi dugu.”

(El Mundo)

Carlos Goikoetxea (1991) pianista, fortepianista eta klabezinista getxotarra da. Hamabost urte besterik ez zuela eman zituen lehen errezital eta kontzertuak, eta, harrezkero, Europako zein Europaz kanpoko hainbat auditoriotan jardun ohi du.

Fortepiano-katedraduna da Vienako musikako eta arte dramatikoko unibertsitatean (MDWean), baita Interpretazio Historikoko eta Antzinako Musikako irakaslea ere Mozarteum unibertsitatean.

Piano-irakasle hauek izan ditu: Agustín Vergara, Claudio Martínez Menher, Sergei Yerokhin, Josep Colom eta Imre Rohmann. Fortepianoa eta klabezina, berriz, Wolfgang Brunner irakaslearekin ikasi zituen, eta interpretazio historikoa, Reinhard Goebel irakaslearekin.

2013an, Frenchilla-Zuloaga Nazioarteko Lehiaketako lehen saria, Espainiako pianistarik onenaren saria eta publikoaren saria lortu zituen. 2014an, Getxoko Udalak Aixe Gaztea saria eman zion, kulturaren zabalkundearen aldeko lanagatik eta konpromisoagatik.

CDrako, zinemarako, irratirako eta telebistarako grabazioak egin ditu.