(Manuel Cabrera, Beckmesser)
Mezzosoprano donostiar honek Tenor Viñas nazioarteko kantu-lehiaketako lehen sari nagusia irabazi zuen 2021ean. Artaza nazioarteko agertokietan aritzen da opera kantatzen nahiz errezitaldiak eta kontzertuak egiten. Oraingo denboraldian, Gran Teatro del Liceoko opera-denboraldira eta Oviedoko Campoamor antzokira itzuliko da artista, eta Madrilgo Teatro Real antzokian eta Basileako Operan debutatuko du. Halaber, kontzertuak eskainiko ditu Parisko Radio Franceren orkestrarekin, Berlingo Deutsche Oper orkestrarekin eta OSCYLrekin. Aurreko denboraldietan, Frankfurteko Operan, Komische Oper Berlin operan, Hannoverreko Operan, Düsseldorfeko Operan, Valentziako Palau de Les Artsen, OLBEn, Zarzuela Antzokian eta Tenerifeko Operan aritu da Artaza. Mezzosopranoak errezitaldiak eskaini ditu Schubertiadan, Juan March Fundazioan eta Arriaga Antzokian, besteak beste.