Musbika taldearen helburua musikaren alorreko sentsibilizazioa eta hedapena lantzea da, egon litezkeen oztopoak eta etiketak apurtzeko eta musika pertsona ororengana helarazteko.
Musika klasikoaren eta antzinakoaren inguruan dauden oztopoak eta klixeak gainditzeko asmoz, eszenaratze fresko eta dinamikoa proposatzen du Musbika Ensemble proiektuak. Musika horrekin edonor harritu eta gozarazteko aukera eskaini nahi du.
Ganbera-musikako taldeak 2016ko Gabonetan ekin zion ibilbideari, Elgoibarren. Hurrengo urteetan jaialdi ugaritan hartu zuen parte; besteak beste, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek udalekin batera antolatzen dituzten jaialdietan: Azkoitiko eta Zarauzko jaialdietan; Lekeitioko Itxas Soinua jaialdian; Ordiziako Barroko Aire jaialdian; Bilboko Musika-Música jaialdian; Aste Nagusiko Musika Klasikoko zikloan; Arabako Antzinako Musika Astean; Bergarako, Plentziako, Oñatiko eta Mutrikuko jaialdietan; Bakioko Musika Astean; Zornotzako Eleizetan jaialdian, eta Zumarragako Antioko Musikaldian.