«Orkestra batez ere moldakorra, bere baliabideetatik errepertorio oso zabala interpretatzeko gai dena»
(Scherzo aldizkaria, José Manuel Ruiz Martínez)
Ciudad de Granada Orkestrak (OCGk) Consorcio Granada para la Música partzuergoaren partaidetza instituzionala du; Granadako Udalak, Andaluziako Juntak eta Granadako Diputazioak osatzen dute partzuergo hori. 1990ean sortu zen orkestra sinfoniko klasiko gisa, eta Juan de Udaeta izan zen bere lehen zuzendaria, eta, ondoren, Josep Pons, Jean-Jacques Kantorow, Salvador Mas eta Andrea Marcon. Gaur egun, Lucas Macías du zuzendari artistiko.
OCGk txandakatu egin ditu Granadako probintziako eta Andaluziako komunitateko orkestra-jarduerak —bere denboraldi erregularraren bidez—, eta Espainia barruko eta kanpoko agerraldi garrantzitsuak. Hain zuzen ere, Estatuko areto eta jaialdi nagusi guztietan aritu da. Nazioarteko jardunak Suitzara, Italiara, Portugalera, Austriara, Frantziara, Alemaniara eta Britainia Handira eraman du, non arrakasta garrantzitsuak lortu dituen.
Sortu zenetik, bakarlari eta zuzendari hauek aritu dira, besteak beste, orkestrarekin: Krystian Zimerman, Klaus Mäkelä, Narciso Yepes, Enrique Morente, George Benjamin, Victoria de los Ángeles, Motserrat Caballé, Chen Reiss, Christophe Coin, Yehudi Menuhin, Christopher Hogwood, Sabine Meyer, David Atherton, Fabio Biondi, Rinaldo Alessandrini, Elisabeth Leonskaja, Joaquín Achúcarro eta Frans Brüggen.
Haren grabazioen artean nabarmentzekoak dira, Josep Ponsekin batera Harmonia Mundi diskoetxearentzat egindakoak —Manuel de Fallaren La vida breve, El sombrero de trespicos, Noches en los jardines de España— eta Bizet, Stravinski, Tomás Marco, Kurt Weill, Alberto Ginastera, Nino Rota eta Éduard Lalo bezalako autoreekin egindakoak, besteak beste.