“…Koordenatu berberetan hitz egin daiteke Tenerifeko Orkestra Sinfonikoaz, une oro bikain aritu baitzen, soinu zabal eta enpastatuarekin…”
(Platea Magazine)
Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa 1935ean sortu zen Kanarietako Ganbera Orkestra gisa, eta Espainiako musika-erakunde ospetsuenetakoa da. Tenerifeko Uharteko Kabildoko Musika Patronatuari atxikia dago, eta zazpi zuzendari titular izan ditu, Víctor Pablo Pérez, gaur egungo ohorezko zuzendaria, barne. Orkestrak Tenerifeko Auditorioan du egoitza, bere denboraldi sinfonikoa eskaintzen du, Tenerifeko Operarekin kolaboratzen du eta Kanarietako Nazioarteko Musika Jaialdian hartzen du parte. Europara eta Asiara eraman du bere musika, hogeita hamar grabazio baino gehiago egin ditu —Decca eta Deutsche Grammophon diskoetxeetan— eta Ondas saria jaso zuen (1996an). Placido Domingo, Alfredo Kraus, Krystian Zimerman, Mischa Maisky eta Leonidas Kavakos artistekin aritu izan da, besteak beste. Kabildoko ikur kulturala izaki, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak esplorazio artistiko berriekin orekatzen du ondare sinfonikoa, eta konpromiso hezitzaile eta sozial irmoa du musika gizarte osora hurbiltzeko, Kanariar Uharteetan eta Kanarietatik kanpo.