Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko orkestrarik zaharrenak, mende bateko ibilbidea bete du dagoeneko. 1922ko martxoaren 8an Arriaga Antzokian eskainitako kontzertuarekin eman zion hasiera bere jarduerari. Bizkaiko gizartearen babesari esker sortu zen BOS eta lurralde horrekin harreman estua izaten jarraitzen du, bertan garatzen baitu jarduera gehiena. 2022an, Hiriko Udalak «Bilboko enbaxadore» izendatu du.
Gaur egun, fundazio bat da, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala ditu patrono.
BOSek Musika-Música jaialdiaren edizio guztietan hartu du parte, 2002. urtean jaialdia sortu zenetik. Orain arteko edizio guztietan, berrogei kontzertu inguru eskaini ditu guztira, barrokotik hasi, eta XX. mendera arteko errepertorioarekin. Euskalduna Jauregian egiten du denboraldi sinfonikoa (hori da orkestraren egoitza, hain zuzen ere), eta ganbera denboraldiak ere eskaintzen ditu Bilbon eta Bizkaian. Lan pedagogiko garrantzitsua ere egiten du, Kontzertu Didaktikoak (Estatuko aitzindaria izan zen) eta Kontzertuak Familian ekimenen bitartez. Gainera, gizarteratzeko jarduera ugari egiten ditu. Orkestrak, bere bokazioari leial, kontzertuak eskaintzen ditu maiz Bizkaiko lurralde osoan, eta hasieratik hartu izan du parte OLBEren opera denboraldietan. Halaber, lurraldean aritzeaz gain, beste hainbat tokitan ere eskaini ditu emanaldiak: Estatu osoan, San Petersburgon, Tokion, Japonian zehar egindako biran, Omango Operan , eta, modu erregularrean, hainbat jaialdi garrantzitsutan. Era berean, lankidetza-harremanak ditu hainbat programa bateratutan beste kultur instituzio batzuekin, hala nola, Musika-Música jaialdiarekin, Arriaga Antzokiarekin, Guggenheim Bilbao Museoarekin, Arte Ederren Bilboko Museoarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin. 2015eko irailetik, Erik Nielsen da Orkestrako zuzendari titularra.