Bilboko Koral Elkartea

Bilboko Koral Elkarteak ospe sendoa lortu du bere ehun eta berrogei urte baino gehiagoko historian, bere abesbatzak gidatu dituzten izen handiko zuzendarien lanari esker; Enrique Azurza da gaur egungo zuzendari artistikoa. Erakundeak hiru abesbatza ditu (helduena, gazteena eta haurrena), bai eta musika-irakaskuntzako zentro bat eta Eskolan Kantari sarea ere, eskola eta elkarteetako abesbatzek osatua, mila lagunen baino gehiagoren partaidetza duen proiektu baten barruan. Bilboko Koral Elkarteak, ehun kide baino gehiagorekin, Espainiako ia orkestra guztiekin abestu du, baita nazioarteko orkestra nagusiekin ere.

Besteak beste, obra hauek eskaini ditu: Usandizagaren Mendi Mendiyan eta Britten-en War Requiem, Calixto Bieitorekin, Arriaga Antzokian; Hatzis-en Everlasting Light lanaren estreinaldia, Gernikan, Bilbon eta Madrilen, baita Moreno Buendíaren Stabat Mater lanarena ere, Murtzian, Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoarekin; Theodorakisen Zorba Grekoa ballet sinfoniko-korala, Igor Yebrarekin eta Turkiako Operaren Ballet Nazionalarekin, eta Prokofieven Alexander Nevsky eta Orff-en Carmina Burana, Galiziako Sinfonikoarekin. Espainiako Orkestra eta Koru Nazionalen 2022-2023 denboraldiaren irekieran hartu zuen parte, Ligeti-ren Requiem interpretatuz, eta bira bat egin du Erroman, Madrilen eta Bilbon zehar, Zubiaurreren La Pasión lanarekin. Lurraldetik kanpo egindako ibilbideaz gain, abesbatzak arreta berezia eskaini dio beti euskal musikagileen lanari —berreskuratzea helburu—, eta ohiko taldea da bertako oholtzan, harreman estua baitu lurraldeko orkestra sinfonikoekin; horien abonu-programetan egon ohi da eta elkarrekin dihardute Euskal Opera proiektuan. Egindako lanaren aitorpen gisa, Arte Ederren Urrezko Domina, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren Ohorezko Domina eta Bilbo Hiriaren Urrezko Domina jaso ditu, beste batzuen artean.