(Scherzo)
Ensemble Diderot taldeak International Classical Music Award (ICMA) saria irabazi du berrikitan. Askoren ustez, ganbera-musikako nazioarteko talde barrokorik nabarmenena da gaur egun. Horretan bat dator prentsa espezializatua, kritika osoak goresten baititu taldearen emanaldiak zein grabazioak. Frantziako Classica musika-aldizkariaren arabera, «bikain prestatuta daude Musica Antiqua Köln orkestra ospetsuaren urratsei jarraitzeko». Erresuma Batuko Gramophone aldizkariak, berriz, taldearen «tonu-distira beroa eta definizio garbia» nabarmendu ditu. Azkenik, Alemaniako MDR irratiak «musika barrokoko talde nagusia» dela esan du.
Johannes Pramsohler sortzaile eta biolinistaren inguruan diharduten lau musikarik osatzen dute taldearen muina. Musikariok ganbera-musika barrokoaren errepertorioa arakatu eta interpretatzen dute, garaiko instrumentuak erabiliz. Taldeak Parisen du egoitza, eta Denis Diderot filosofo frantsesari zor dio izena. XVII. eta XVIII. mendeetako hirukote, laukote eta sonaten herentzia bukaezinaren inguruan jarduten du batez ere. Agenda estuari eta entsegu-erritmo zorrotzari esker, hari-laukote iraunkorraren koherentzia lortu du taldeak.
Arrakasta lortu du Frantziako eta nazioarteko agertoki zein jaialdietan, eta talde egoiliar gonbidatua izan da Versaillesko Musika Barrokoaren Zentroan, Royaumonten (Frantzian) eta Aldebourghen (Britainia Handian). 2024an, debut arrakastatsua egin zuen Berlingo Philharmonie aretoan, zeina nazioarteko beste areto eta jaialdi ospetsuei gehitu baitzitzaion: Koloniako Philharmonie, Vienako Konzerthaus, Linzeko Brucknerhaus, Madrilgo Auditorio Nazionala, Donostiako Hamabostaldia, Aldeburgh Festival, Parisko Champs-Élyséeseko antzokia, Seoul Arts Center, Bach Montréal jaialdia, Mexikoko Festival Cervantino eta abar.
Ganbera-musika beti abiapuntutzat harturik, orkestra-formatuan ere ageri izan da Ensemble Diderot, Haendelen Concerti Grossi, besteak beste, Bachen Kantatak, Purcellen Dido eta Eneas, Antonio Salieriren Falstaff eta Reinhard Keiser-en Croesus operak, eta Haendelen Athalia oratorioa jotzen. 2018az geroztik, bere abesbatza du taldeak.
Nazioarteko hainbat irratik zuzenean ematen dituzte taldearen kontzertuak lantzean behin. Audax Records konpainiarentzat egindako grabazio arrakastatsuek «estandarrak finkatzen» omen dituzte, eta nazioarteko sari ugari lortu dituzte, hala nola Diapason d’Or, Preis der Deutschen Schallplattenkritik, Gramophone Editor’s Choice, BBC Music Magazine eta hileko CDa (Record Geijutsu, Japonia).
Ensemble Diderotek egoitza artistiko bat du Toblach-eko (Italiako) Euregio kultura-zentroan, eta Frantziako Kultura Ministerioaren laguntza jasotzen du.