(Le Figaro)
Historikoki Informatutako Interpretazioan doktoratu zen, Royal Academy of Musicen, eta diskografia oso zabala du, nazioarteko kritikak goraipatua. Gaur egun, antzinako musikaren agertokiko indarrik sortzaileenetako bat dugu Johannes Pramsohler.
Hego Tirolen jaio zen, eta Parisen bizi da. Londresko Guildhall School of Music and Drama eta Salzburgoko Mozarteum eskoletan trebatu zen, eta lanbideko profesionalik polifazetikoenetako bat bihurtu. Txandaka aritzen da Ensemble Diderot taldeko zuzendari artistiko eta buru gisa eta beste hainbat taldetako bakarlari zein zuzendari gonbidatu moduan.
Concertino aritu da orkestra hauekin elkarlanean: Concerto Köln, The King’s Consort, Le Concert d’Astrée eta Europar Batasuneko Orkestra Barrokoa. Horrez gain, artista gonbidatua izan da Berlingo Orkestra Filarmonikoan, Concerto Melante antzinako musikako bere taldearekin. Bakarlari moduan, Budapesteko Jaialdiko Orkestran (Ivan Fisher), Taiwaneko Orkestra Barrokoan, Helsinkiko Orkestra Barrokoan eta Darmstädter Barocksolisten orkestran jardun du, hainbat kontzertu-aretotan, hala nola Berlingo Filarmonikan, Koloniako Filarmonikan, Londresko Queen Elizabeth Hallen, Bartzelonako Palau de la Músican eta Tokioko Suntory Hallen, besteak beste.
Zuzendari-lanean, Purcellen Dido eta Eneas operaren 30 emanaldi baino gehiago zuzendu ditu Frantzian zehar, baita Reinhard Keizerren Creso operaren produkzio bat ere, kritikak goraipatua, Parisko Théâtre de l’Athénée antzokian. Buenos Airesen izan da zuzendari moduan egindako azken lana, Colón antzokian, Haendelen Teodora operaren produkzio eszenikoan.
2008az geroztik, Reinhard Goebelen biolinaren jabe da. Ohore handia da hori, 1713an egindako P.G. Rogeri biolin bat baita.