(Teobaldosen kritika Diario de Noticias egunkarian, 2023ko maiatzaren 9an).
(Enrique Berten kritika, Platea Magazine aldizkarian, 2023ko urtarrilaren 14an)
Pablo Sarasate biolin-jotzaile eta konposatzaileak 1879an sortua, Espainiako panorama sinfonikoan jardunean ari den talderik zaharrena da Nafarroako Orkestra Sinfonikoa (NOS). 2016an Baluarte Fundazioan sartu zen eta Nafarroako Foru Komunitateko orkestra ofizial bihurtu zen. Perry So du zuzendari titular eta artistiko, 2022ko irailetik.
Azken aldian, NOSek Espainiako eta atzerriko auditorium, denboraldi eta jaialdi nagusietan hartu du parte. Haren hitzordu aipagarrienen artean daude, besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldia, Cuencako Musika Erlijiosoaren Astea, ABAO Bilbao Operaren eta ABAO Txikiren denboraldia, Musika-Música, Soriako Udazken Musikala eta Lizarrako Antzinako Musikaren Astea. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian ere aritu da, eta agertoki garrantzitsuetan eman ditu kontzertuak, hala nola Kursaalen (Donostian) Auditorium Nazionalean (Madrilen) eta Riojaforum Auditoriumean (Logroñon). Nazioartean, nabarmentzekoak dira Parisko Théâtre du Châtelet antzokian (2008-2009 denboraldian) eta Malta Summer Festival jaialdian (2022an) egindako emanaldiak.
NOSek abonamendu-kontzertuen denboraldia egiten du urtero Iruñean (Baluarte Auditoriumean), Tuteran (Gaztambide Antzokian) eta Tafallan (Tafalla Kulturgunean), eta Baluarte Fundazioaren denboraldi nagusian parte hartzen du.
Bere ibilbidean zehar, OSNk bakarlari ospetsuekin egin du lan —Martha Argerich, Gil Shaham, Sabine Meyer, Sarah Willis, Juan Diego Flórez, Piotr Beczala, Javier Camarena eta Nadine Sierra—, eta maisu handien zuzendaritzapean aritu da —Andrea Marcon, Marko Letonja, Pablo González, Alondra de la Parra eta Thomas Dausgaard—.
Gizartearekin eta hezkuntzarekin konprometitua dagoelarik, orkestrak lan pedagogiko eta sozial handia egiten du Nafarroa osoan, Baluarte Fundazioaren Hezkuntza eta Gizarte Programaren bidez: familientzako proposamenak, gazteentzako jarduerak, ikastetxeetarako proposamenak, pertsona kalteberen ongizaterako esperientziak, haurrak babesteko jarduerak eta herritarrei irekitako programak. Andante zikloa ere gauzatzen du, errepertorio sinfoniko handia eramanez Foru Komunitateko herri askotara.
2019az geroztik, NOSek AMAENekin (Nafarroako Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboarekin) elkarlanean dihardu Nafarroako musika-ondarea zaintzen eta zabaltzen, Nafarroako Fonoteka ondare-obren grabazioekin aberastuz. Musika garaikidearekin ere konpromiso sendoa du: Teresa Catalán, Koldo Pastor, Vicent Egea, Beatriz Arzamendi eta Carme Fernández Vidal konpositoreei egindako enkarguak dira horren erakusgarri.
Bere ibilbide luzean zehar, lan diskografiko sendoa egin du NOSek, eta agerian utzi ditu bere sortzailearen ondarearekiko konpromisoa eta interpretatzeko moldakortasuna. Hainbat album argitaratu ditu diskoetxe entzutetsuetan: Deutsche Grammophon, Signum Classics, Sony Music, Naxos, IBS Classical eta Quartet Records.