14. Kontzertua

Ana María Valderrama biolina
Luis Fernando Pérez pianoa


CLAUDE DEBUSSY (1862 – 1918)
Violín sonata

FRANCIS POULENC (1899 – 1963)
Violín sonata, FP 119 (dedicada a la muerte de Lorca)

MANUEL DE FALLA (1876 – 1946)
Canciones populares españolas

Egitarauren oharrak

Egitarau honek Lorcaren lanetan dauka bere iturburua eta elkarrekin uztartzen ditu Lorcaren gailentasuna poesian eta antzerkian, haren bizitasunaren argia eta haren heriotzaren transzendentzia sinbolikoa.

Literaturari lotu aurretik Lorcak musikarekin ase zuen bere egarri sortzailea, eta bere lehen eskuizkribuak partiturak dira, ez testuak. Umetatik izan zuen harreman zuzena musikarekin, eta nerabezaroan asmoa adierazi zuen piano-jole profesionala izateko eta musika ikasketekin jarraitzeko garai hartako sorkuntza artistikoaren hiriburuetako batean: Parisen. Hasierako desio haiek loratu ez baziren ere –zorionez, esan beharko genuke beharbada–, musika beti egon zen presente bere idazkietan.

Lorcak poema bat eskaini zion Claude Debussyri, honen hizkera iradokitzailea indarrez errotu baitzen poetaren imajinarioan bere lehen urratsetatik: Debussyk pianorako zein orkestrarako idatzitako obra ugaritan urari egiten dizkion aipamen ugariak xuxurla modura iritsi ziren Lorcaren belarrietara, eta honek honela hasi zuen konpositoreari eskainitako oparia: “Nire itzala isilka doa ubideko uretan”. Bere Biolinerako Sonatan, Debussyk sotilki eta harmoniatsuki uztartu zituen bi instrumentuak, euren bidez ahots bat eman zielarik gozotasunari, hegaldatzerik lortzen ez duen pasioari eta etsipen bareari. Sentimendu horiek guztiak txandaka agertzen dira elkarren ondoan, Debussyrentzat exotismo iberikoa zen fantasia ebokatzaile batean. Sonata hau konposatzaileak berak estreinatu zuen Gaston Poulet-ekin batera. Horixe izan zen publikoaren aurrean egin zuen azken emanaldia, hil baino hilabete batzuk lehenago egina.

Francis Poulenc-ek 1943an idatzi zuen Biolin eta pianorako sonata, “à la mémoire de Federico García Lorca”. Urte zail hartan Lorca frankismoaren martiri bat zen, eta figura deserosoa Paris okupatuan. Konposatzaileak soinuzko oreka bilatu nahi izan zuen bere iritziz “guztiz kontrajarriak ziren bi instrumentuen” artean, eta horretarako antzeko testurak eta arnasketak bilatu zituen, biak ala biak “berdintasunez” tratatuz. Poulenc-en estilotik hain hurbila den cantabile zatiak bide egiten dio saminari, baina lirikotasunari uko egin gabe, eta azken zatian, “Presto tragiko baten modura imajinatuan, hats erritmiko eta bizia bat-batean hausten da koda motel eta zorigaiztoko batekin”.

Lorcak pentsamendu-sinkronia oparoa izan zuen Manuel de Fallarekin. Adiskide minak izan ziren eta elkarrekin abiatzen ziren La Alpujarra eskualdeko herrixketan barrena tonadilla, atsotitz eta tradizio bila.

Fallak sakon aztertu zuen Andaluziako folklorea, hartara hurbildu zelarik bere prestakuntza sendo, zorroztasun eta miresmen harrigarriekin. Aurrekari horiekin Fallak estilo propio bat sortu zuen, kolore erritmiko, harmoniko eta melodikoz gaindia. Siete canciones populares españolas bildumako materialak –letrak eta musikak– tradizioan du jatorria eta, hortaz, anonimoa da. Halere, Fallak mirari txiki bat lortu zuen: herriaren muina jaso zuen, leialki errespetatuz testuak eta melodiak, eta balio estetiko izugarriko pieza finak eskaini zizkigun bere konposatzaile-zigilu nahas ezinarekin. Hain da erakargarria non bertsio ugari egin baitira hainbat instrumenturentzat.

Federico García Lorca poeta musikari bat izan zen, eta egitarau hau bere sentsibilitatean inspiratuta dago. Gozatu ezazue.

Mercedes Albaina