
Luis Fernando Pérez pianoa
Ana María Valderrama biolina
JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)
Sonata para violín y piano nº1 en sol mayor opus 78
I. Vivace ma non troppo
II. Adagio
III. Allegro molto moderato
JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)
Sonata para violín y piano en do menor F-A-E
Scherzo
JOHANNES BRAHMS (1833 – 1897)
Lieder, selección
I. Von ewiger Liebe, opus 42 nº1
II. Standchen, opus 106 nº1
III. Wie melodiaen zieht es mir, opus 105 nº1
Johannes Brahmsen hizkerak badu elementu nabarmen bat, hasierako motiboen pixkanakako aberastasunak ematen dion erakargarritasunaz gain: ideia nagusiak bigarren mailako ideiekin lotzeko modua, eta denen artean egitura sendo eta asimetriko zoragarri bat sortzeko gaitasuna.
Ezaugarri berezi horren jatorria bere katalogoaren zati bat elikatzen duen paradoxa dohatsu batean dago: musika puru edo absolutua eta literaturaren eragina elkarren adiskide bizi direla bere musikan inolako kontraesanik gabe.
Biolinerako sonata Sol maiorren lanak argiztatzen duen aitzakia poetikoa Klaus Groth-en poema bat da, hartan oinarriturik konposatu baitzuen zuen Op 59eko hirugarren kanta: Regenlied edo Euriaren kanta. Horregatik deitu ohi zaio sonata horri “Euriaren sonata” ere. “Udako euriaren malenkonia epelaz” gain, badago beste elementu bat sonata puru edo abstraktuago hori kantuarekin konektatzen duena: bietan ageri den zelula erritmiko bat, orobat ageri dena melodiaren muinean – Brahmsek hain atsegin zituen bariazioekin–, euriarekin lotutako haurtzaroko oroitzapen bat gorpuzten: “Berriro nahi nuke entzun haren murmurio leun eta umela, eta estali nire arima haurtzaroko egunsenti xaloaren ihintzarekin”.
Robert Schumannek sonata bat —bere adiskide eta miresle zenbaiten artean konposatua— oparitu zion Joseph Joachim biolin-jole apartari. Opari-omenaldi moduko bat, Schumannek berak idatzi zituelarik bere Intermezzo eta Finale zatiak.
Albert Dietrich-ek hasierako Allegro zatia egin zuen, eta Brahmsek bigarren mugimenduko Scherzo¬-a. Joachimek bere lelo pertsonaltzat hartu zuen Frei aber einsam (“Libre baina bakarti”) kontsigna erromantikoa. Kode alemanean, hitz horietako bakoitzaren lehen letrak nota bat dauka soinuzko baliokidetzat: F letra “fa” notari dagokio, A letra “la” notari, eta E hizkia “mi” notari. Noten eta letren arteko lotura hori akuilu poetiko- musikaltzat hartuz, aleman erromantikoek hain maite zuten eran, lana osatuz joan zen eta Schumannen etxean estreinatu zen bere emazte Clara Wieck piano- jole bikainak eta obraren hartzaileak berak jota. Azken honek, esku-izkribuaren jabea izaki, erabaki zuen Shcerzo-a baizik ez argitaratzea, Brahms hil eta handik urte batzuetara. Aitortza betea partituraren balioari eta anitz urtez eszenatokiko kide eta adiskide kuttun izan zuenari.
Egitaraua osatzen duten hiru piezei arnasa ematen dieten kantuak poemetan oinarrituta daude, eta hizpide dute maitasun eternala, ilargiaren argiari kantatutako serenatak eta udaberriko kimu berrien antzera loratzen diren melodia usaintsuak. Lied-aren eta ganbera musika intimistenaren arteko anaitasunari esker egin dira biolinerako transkripzioak, instrumentuak berak kantatu ditzan giza ahotsarentzat pentsatutako ideia ezin ederrago hauek. Brahms arkitektoa biziki hunkitzen zen bere inspirazioa poesiaren putzu sakonean murgiltzen zuenean eta nahi izaten zuen bere konposizio lirikoenetako hitzak eta musikak sentipen beraren adierazpide izan zitezela. Gozatu ezazue.
Mercedes Albaina