“Friburgoko musikariek lan fidagarri eta bizigarria eskaintzen dute beti”
(New York Times)
Pasioa, musika egitearen plazera, benetakotasuna. Horiexek dira Freiburger Barockester (FBO) orkestraren musika-zutoinak. Munduko soinu originaleko talderik garrantzitsuenetako bat da FBO duela hiru hamarkadatik baino gehiagotik, eta urtean 100 kontzertu baino gehiago ematen ditu Alemanian eta atzerrian.
Friburgoko Musika Unibertsitateko graduatu-talde batek sortu zuen taldea, musika barrokoa eta klasikoa irizpide historikoen arabera jotzeko helburuarekin. Laster etorri zitzaizkien nazioarteko konpromisoak, eta antzinako musikaren eszenako orkestrarik bilatuenetako bat bihurtu zen FBO. Arrakasta horren erakusgarri ditugu, gaur egun, 130 grabazio baino gehiago, horietako batzuk sarituak izan direnak.
Friburgon, Stuttgarten eta Berlinen duen harpidetzako serieaz gain, munduko kontzertu-areto nagusietan jotzen du FBOk, hala nola Lincoln Center (New York), Elbphilharmonie (Elba), Musikverein (Viena) eta Philharmonie (Paris) aretoetan. Era berean, gonbidaturik gogokoenetako bat izaten da nazioarteko hainbat jaialditan, besteak beste Salzburgoko Jaialdian, Rheingauko Musika Jaialdian eta Gstaad Menuhin Jaialdian.
Cecilia Bernardini eta Gotfried von der Goltz dira orkestraren musika-arduradunak; biolinaren bidez zuzentzen dute. Izan ere, FBOk zuzendaririk gabe jarduten du, historikoki informatutako interpretazioaren espirituari jarraituz. Dena den, hautatutako programetan —opera-produkzioetan edo sinfonia erromantikoetan, kasu—, zuzendari ospetsuekin aritzen da orkestra: Pablo Heras-Casado, René Jacobs eta Sir Simon Rattle dira zuzendari horietako batzuk. FBOk musikaren arloko lagun asko ditu; adibidez, Kristian Bezuindehout, Isabelle Faust, Dorothee Mields, Vox Luminis, Zürcher Sing-Akademie eta RIAS Kammerchor Berlin.
2024-2025 denboraldian, errepertorio barrokoan eta klasikoan murgilduko da, berriro, Friburgoko Orkestra Barrokoa. Hala, René Jacobs-ek zuzenduta, Mozarten Idomeneo opera jokatuko da Hanburgoko Elbphilharmonie eta Madrilgo Teatro Real aretoetan, besteak beste, baita Haendelen Tamerlano ere, kontzertu-formatuan, Palau de la Música eta beste zenbait aretotan. Halaber, orkestrak bira bat egingo du Espainian eta Belgikan zehar, Belgikako Vox Luminis kantari-taldearekin batera, Bachen Pasioa San Joanen arabera jotzeko. FBOko musikariek bakarlari aritzeko aukera ere izango dute, Grand Tour eta Viva Vivadi kontzertu-programetan.